Filipinetatik Mikel Aozaratzaren gainean zer berri datorren zain dago parrokia

Leire Kortabarria 2009ko aza. 19a, 17:38
Parrokia zain dago, Filipinetatik zer berri etorriko den Mikel Aozaratza hango elizbarruti baten zaindari egiteko proposamenaren gainean. Mikel Aozaratza (Oñati, 1598-1637) Filipinetan izan zen misiolari urte batez, Japoniara joan aurretik beste misiolari dominikar eta laikoekin batera. Orain, Filipinetako Bataan delako probintzian dagoen Balanga Elizbarrutiko zaindari aitortu gura dute.

Oñatin oso pozik hartu dute berria, are gehiago Filipinetan sortutako ekimena izan delako, parrokoak, Joxan Larrañagak dioskun bezala: "Dominikar batek idatzi zidan, zeukaten asmo horren berri emanez eta Mikel Aozaratzaren bataio agiria, herriko argazkiak… eskatzen. Mikel Aozaratzaren historia ere bazekien". 

Orain, itxoin beharra dago, Balangako Elizbarrutian gotzain aldaketa egitekotan daudelako, eta gotzain berriak hartu beharko duelako behin betiko erabakia. "Haien esku dago dena", esaten du Joxan Larrañagak.

Ilusionatuta

Elizako ordezkariok albiste hori "benetan pozgarria" dela esan dute, eta fededunek ere "ilusioz" hartu dute, Larrañagak dioen moduan. Mikel Aozaratzaren eguneko mezan esan zien Larrañagak mezetan batutakoei Filipinetan zuten asmoa, eta jendeak "komentatu eta galdetu" zuen meza ostean.

Oñatiko santua Filipinetan zaindari egiten badute, Balangako Elizbarrutian "bere egunean jai hartuko dute, eta otoitzetan ere gogoan izango dute; beharbada, bederatziurrena ere egingo diote. Horrez gain, elizaren izenaren ondoan, haren izena ipiniko dute", kontatzen digu parrokoak. Oñatin ere ospatuko dute. "Beharbada" bidaiaren bat ere antola daiteke, horretarako nahikoa diru baldin badago. Ikusiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak