Fernando Diaz izango da San Migel domekan

Mireia Bikuña 2010ko eka. 1a, 11:37
2004an Jose Errastiren lekukoa hartu zuen, eta aurten Jose Antonio Agirianorena. Bestalde, Corpus egunaren inguruko ospakizunak egubakoitzean hasiko dituzte Oñatzeko dantzariek: emanaldiak egingo dituzte auzoetan eta ikastetxetan.

Berrikuntza asko barik egingodute domekan Corpus eguneko prozesioa. Aldaketa bakarra prozesioko protagonistari bizia emango dion pertsonan dago:  Fernando Diaz izango da San Migel. Azken hiru urteotan paper hori bete duen Jose Antonio Agirianori lekukoa hartuko dio.
Fernando Diazek badaki zer den San Migel izatea. 2004an hartu zio lekukoa Jose Errastiri. Hiru urtetan (2004an, 2005ean eta 2006an) izan zen Corpuseko prozesioko protagonista. Domekarako "gogotsu" dagoela esan digu.

Oñatzeko dantzariak lehenak

Corpus jaietako ekitaldi nagusia domekako prozesioa da, baina egunaren inguruan egitarau zabala prestatu dute kultura arduradunek.
Urtero moduan, Oñatz dantza taldeko dantzariak izango dira kalera irtetzen lehenak. Egubakoitzean herriko auzoak eta ikastetxeak girotuko dituzte Corpus eguneko dantzekin. Era berean, barikuan, txorimaloek kalejira egingo dute 18:00etan, eta Jose de Azpiazu musika eskolako taldeek musika-maratoia herriko plazan, 18:45ean.
Gauean, 22:30ean, Yllana antzerki taldeak Zoo antzezlana eskainiko du Santa Ana antzokian. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko kultura etxean 10 eurotan. Gazte txartelarekin 8 euro ordaindu beharko dira.

Zapatuan, kirola nagusi

Zapatuko lehen doinuak Oñatzeko dantzariek jarriko dituzte. Kalerik kale ibiliko dira. Bestalde, 10:30ean, Txopekuako tiro zelaian, probintziako txapelketa jokatuko dute. Ordu berean hasita, baina plazan, Euskal Selekzioaren Eguneko ongietorria egingo dute. Horren harira, hainbat ekitaldi egingo dituzte egun osoan zehar; besteak beste, gaztetxoendako lasterketak, herri jokoak, bazkari herrikoia eta Porrotx pailazoaren emanaldia.
Zapatu arratsaldean kirola izango da nagusi: alde batetik, Euskal Herriko txapelketa jokatuko dute 18:45ean; eta beste alde batetik, Debarroko pilota txapelketako finalak (16:30). Gauean Trikizio taldeak erromeria egingo du plazan.

Meza eta prozesioa

Domekarako egitarauan berrikuntza gutxi daude. 11:00etan meza nagusia egingo dute parrokian udal ardurdunekin eta prozesioko santuekin. Ondoren, prozesioa egingo dute. 18:15ean Oñatzekoek emanaldia egingo dute, eta 19:00etan musika bandakoek kontzertua; biak ala biak, plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak