Fermin Etxegoienek 'Autokarabana' izeneko bere lehen eleberria aurkeztu du

Mireia Bikuña 2009ko ira. 17a, 19:06
Fermin Etxegoien oñatiarrak Autokarabana izeneko bere lehen eleberria aurkeztu zuen atzo. Donostiako liburutegian egindako aurkezpenean, idazleaz gain, Pamiela argitaletxeko Jose Angel Garai egon zen. Liburuaren gainen berba egin zuen egileak eta metaforaz betetako eleberria dela esan zuen.

Kooperatiba baten lan egiten duen pertsonaiaren istorioa kontatzen du. "Protagonista Euskal Herrian bizi da. Hiri handi baten familia izan du, baina bere jaioterrira bueltatzen da, eta kooperatiban hasten da lanean. Esperientzian oinarritutako literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena", esan digu Fermin Etxegoienek.

Bi urte liburua idazteko

Bi urte pasa eman ditu eleberria idazteko. "Egunero idatzi dut zerbait. Eguneroko lana izan da, bestela 15 urte beharko nituzke liburua bukatzeko!", esan digu.
Liburuarekin gustura dagoela azaldu digu: "Nire helburua zen eleberri entretenigarria eta irakurterraza egitea, eta lortu dudala uste dut. Dena den, irakurleek esango dute gustatu zaien edo ez!".

Eleberria bukatu ondoren, idazten jarraitu gura duen galdetu diogu: "Ni lanbidez kazetaria naiz. Hiru urte egon nintzen, egunero, iritzi artikulua idazten Berrian, eta horrek idazketarako grina piztu zidan. Idazten hasten zarenean, ezin duzu utzi. Dena den, nire asmoa ez da eleberri bat bukatu orduko, beste bat idazten hastea".

Kalakako gidoilaria

Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) kazetaria da lanbidez. Egun ETB1eko Kalaka saioko gidoilaria da. Aurretik, Katu kale, Doctor Livingstone, supongo, Ciudadanos eta Lau haizeetara saioetako gidoigile izan da. Era berean, egun, Gaztea irratian Ekaitz Perfektua saioa egiten du. Bietan jarraitzeko asmoa du: "Kalaka saioa asterokoa da –eguenetan ematen dute ETB1en –, hortaz egun gogorrak izaten ditugun arren, ondo antolatzen dugu astea. Irratia gustuko dut, musika zalea naiz-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak