Ez dok amairu mugimendua ekarriko dute gogora Oñatin datorren astetik aurrera. Elkar Hezi ikastetxeko ikasleak aritu dira mugimendu horren nondik norakoak, izan zuen garrantzia eta bereizi osteko egitasmoak aztertzen, eta orduko protagonistetako batzuk gonbidatu dituzte fenomeno horri buruz zuzenean eurekin hitz egiteko. Etorriko direnen artean daude, adibidez, Benito Lertxundi, Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Joxe Mari Iriondo eta Nestor Basterretxea.
Oñatiar bat lehen bileran
Joxe Mari Iriondo bera egon zen, hain zuzen ere, jardunaldien aurkezpeneko prentsaurrekoan, Elkar Heziko ikasle, irakasle eta gurasoen ondoan. Gertu gertutik bizi izan du Iriondo Ez dok amairu mugimendua. "1966tik 1972ra iraun zuen mugimendu horrek. Lourdes Iriondo, Joseanton Artze eta hirurok elkartu ginen behin. Erabaki genuen bilera ireki bat egitea. Donostian egin genuen, eta Jose Antonio Billar oñatiarra da etorri zirenetako bat", kontatzen du Iriondok.
Baina Ez dok amairu mugimenduak kontrako iritziak ere sortu zituen. "Orduan Franko eta frankistak ziren okerrenak euskaldunendako, baina puritanismo handia ere bazegoen. Batzuk, adibidez, gaizki ikusi zuten Benito Lertxundi, Xabier Lete edo Lourdes Iriondo gitarra jotzen, gitarra espainola jotzen, alegia", dio Iriondok.
Tejero Arrasateko Gurean
Joxe Mari Iriondo kazetariak kantaldi bat baino gehiago antolatu zituen sasoi hartan. Beti ez zen erraza izaten. "Ekitaldia antolatu aurretik baimena eskatu behar zen Donostiako Andia kaleko eraikin baten. Ekitaldian parte hartuko zuten abeslarien izenak, datuak, kanten izenburuak eta kanten letren itzulpena erakutsi behar zitzaion eserita egoten zen emakume bati. Hark, normalean, ezezkoa ematen zuen: no cantable, no radiable edo no emitible esaten zuen zigilu bat jartzen zion eskaerari. Egun baten, Nekane Oiarbidek, Ez dok Amairu-ko idazkariak, txokolateak eramateko esan zidan. Eta funtzionatu zuen: txokolateak eramanda askoz baimen gehiago lortu nituen".
Bergarako Irala zinema aretoan Pantxoa eta Peioren hegoaldeko lehen kontzertua antolatu zuen Iriondok 1971n. Hiru urte geroago, 1974an, Arrasateko Gurea zinemara ekarri zituen. "Kantaldia hastear zegoela, Antonio Tejero Molina sartu zen barrura, kapitainaren maila zuen orduan Tejerok Arrasaten. Esan zigun bost minutu genituela aretoa husteko. Eta horrela, denak kanpora atera ginen, ekitaldia bertan behera geldituz", gogoratzen da Iriondo.
Ekitaldien bukaeran pelikula bat ere botatzen zuten: "Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquet zuzendariek elkarrekin egindako hiru pelikula hauetako bat ematen genuen beti: Ama lur, Pelotari edo Alquezar". Horrelako kontu eta xehetasun gehiago esango ditu Iriondok Pello Zabalarekin batera emango duen hitzaldian.
Nestor Basterretxea Oñatin
Nestor Basterretxea da Elkar Hezik jardunaldietarako gonbidatu dituenetako bat. Apirilaren 24an, Ama lur filma botako dute zineklubean eta Basterretxea bera egongo da emanaldi osteko tertulian. Benito Lertxundik, Jose Luis Trekuk eta Pako Arisitik, adibidez, Ez dok amairu mugimendua zertan gelditu zen izango dute berbagai; Pantxoa Carrerek, Peio Ospitalek eta Manex Pagolak Zazpiri Bai taldeaz hitz egingo dute.