Hemen ingelesezko testuak dioenaren itzulpen osoa:
"Orain arte zuen euskal esperientzia Donostiako tabernetan eta Bilboko galerietan paseatzea izan bada, eta oraindik ere ETAren kontua zer den ez badakizue, Oñati leku ona da Euskal Herriaren alderik ilunena ikusteko.
Mendi artean kokatuta, lehen itxura baten xarmagarria da, baina ibili kalean bazkaloste gris baten eta zirimiriarekin, dena itxita dagoenean eta lekuaren beste alderdi bat ikusiko duzu.
Pareten ia zentimetro koadro bakoitza independentziaren aldeko mezu nazionalistak dituzten grafittiz estalita daude, eta pausu bakoitzean, torturak salatzeko eta euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzeko horma-irudiak ikus daitezke. Panorama honen aurrean zaila da imajinatzea nola lortuko den behin betirako benetako bakea".

Testua aldatzeko eskatu dute
Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatearekin egon gara, eta esan digunez, ahaztu beharreko anekdota da. Dena dela, Lonely Planeteko gidak testuan dioena aldatzeko eskatu dute.
2003ko gidan Toledorekin konparatzen zuten
2009an argitaratu zuten Spain gida 10 lagunen artean idatzi zuten. Horietako bat da Nancy Frey. Hura ere harrituta dago gidan agertzen den informazioarekin. "Nik idatzi nuena izan zen askok Toledo txikia bezala ezagutzen dutela Oñati, eta monumentu asko dituela. Idatzi nuen merezi zuela Oñati ezagutzea Bilbo alderako autobusa hartu aurretik", esan digu Freyk.
Hark idatzitako testua, baina, aldatu egin zuten 2009ko edizioan. "Guk idatzi genuena berritu egin zuten iaz, eta ez dakit zer aldatu duten. Ez daukat 2009ko gida", dio Freyk. Gaineratu digu ez dakiela sei urte hauetan zenbat aldatu den herria, baina gida berritzea eskatu zuenean, beste batek hartu omen zuen bere gain betebeharra, seguruenik Stuart Butlerrek. Saiatu gara hau aurkitzen bere iritzia jakiteko, baina ez da modurik egon.
Geoplaneta enpresa da Lonely Planet gidak Espainian banatzen dituena. Eurekin kontaktuak jarri gara, eta ez digute azalpenik eman. Esan digute Spain gida ingelesez publikatu dutela eta eurek ez dutela itzulpenik egin.
Hemen duzue gidaren zati hori Scribden, erosi nahi baduzue.