Etxebideko zerrenda bera erabiliko dute hurrengo zozketetarako

Mireia Bikuña 2009ko api. 7a, 14:44
Hain zuzen ere, Santa Ana antzokiko beiratean ikusgai jarri duten zerrenda erabiliko dute. Uztail aurretik egingo dituzten zozketatan zerrenda bera erabiliko dute. Guztira, 519 izen daude Etxebideko zerrendan. Alegazioak aurkezteko epea hilaren 20an bukatuko da. Zerrendan agertzen ez direnek edo zerrendan egon arren zozketan parte hartzeko interesa ez dutenek aurkez ditzakete alegazioak.

Lehen zozketa

Oñatin egiten diharduten eta zozketatuko dituzten babes ofizialeko lehen etxebizitzak San Martinekoak izango dira. Jendaurrean dagoen zerrendari alegazioak aurkezteko epea bukatu eta dagozkion erreklamazioak aztertu ondoren zozketarako eguna zehaztuko dute. Guztira, 45 etxe zozketatuko dituzte: bina etxe ezinduendako, familia-ugariendako eta Etxebiden lau urte baino gehiagoz izena emanda dutenendako gordeko dituzte. Gainerako 39 etxeak kupo orokorrean zozketatuko dituzte.
Gainera, lehen hiru kupo berezietan etxerik lortzen ez dutenek kupo orokorreko zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Prozesu berbera jarraituko dute Ugalkalden eta Kasablanka iparrean egiten diharduten etxeen zozketatan.
Ugarkalde auzoko 5 eta 6 zenbakietan 40 etxe egingo dituzte. Kupo orokorrean 34 zozketatuko dituzte, eta beste seiak kupo berezietan. Astelehenean bukatu zen zozketa arautuko duen behin-behineko baldintzei alegazioak aurkezteko epea. Orain, behin betiko baldintzak onartuko dituzte eta jendaurrean jarri ondoren zozketarako eguna zehaztuko dute. Azkenik Kasablanka iparrean beste 12 etxe zozketatuko dituzte. Martxoko osoko bilkuran onartu zituzten zozketarako baldintzak.

Sustatzaileen salmenta

Kasablanka iparrean eta Kurtiderixa gunean saldu barik dauden etxe tasatuen salmenta zuzena egiten hasi dira sustatzaileak Kale Barri 20ko bulegoan. Erosleek 21.000 eta 54.615 euro arteko sarrerak izan beharko dituzte, eta gustukoen duten etxea erosteko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak