Perfekturik ez dagoela diote batzuek baina esan behar da kasu honetan baietz, kontzertuaren amaiera perfektua izan zela.
Europako eskolania ezagunenetarikoak dira eta ulertzen dugu zergatik. 8 eta 14 urte bitarteko mutikoak dira guztiak baina, euren ahotsaren indarrak eta gorentasunak ez dauka inolako ume zantzurik.
Easoko eskolania izan zen basilikaren aldarera igotzen lehena. Euskal konposatzaileen obrak kantatu zituzten batik bat baina, baita kantu katalanak eta gaztelerazkoak ere; soinu koloretsua eta zirraragarria eskaini zuten. Eskorialekoak etorri ziren hurrengo eta zuzendaria pianoan zutela saio bikaina egin zuten. Montserrateko eskolaniaren maisutasunak ere aho zabalik utzi zituen guztiak. Baina onena iristeko zegoen oraindik. Hiru eskolanietako gaztetxoak, aldarera igo ziren eta elkarrekin abestu zituzten sei kantu. Agur Jaunak abestiarekin hasi ziren eta berehala ulertu genuen horrelako hiru eskolania elkarrekin entzutea pribilegioa dela. Baina, oraindik gehiago zegoen gozatzeko; amaiera perfektua.