Aste bukaerako lehen irteera urtarrilaren 23tik 25era egingo dute; bigarrena otsailaren 20tik 22ra; eta hirugarrena 20tik 22ra. Autobusak egubakoitz arratsaldean irtengo dira Oñatitik, eta domekan itzuliko dira eskiatu ondoren. Aste bukaerako egonaldia Baqueira-Bereteko Hipic hotelean egingo dute. Eski saileko arduradunek izena ematerakoan zehaztuko dituzte irteeretako prezioak. Irteera bakoitzeko plazak izenemate zerrenda errespetatuz banatuko dituzte.
Denboraldia bukatzeko astebeteko irteera egingo dute pazko astean; hain zuzen ere, apirilaren 11tik 18ra. Lehen aldiz, Alpeetako Cervinia-Zermatt eski estazioetara egingo dute astebeteko irteera. Bi estazioak erremonte bidez daude lotuta. Guztira, pistetan 400 kilometro dituzte eskiatzeko, eta pistatik kanpo, beste 38 kilometro.
Forfaitak, merkeago
Aloña Mendi eski sailekoek Pirinioetako eski estazioekin zuten hitzarmena berretsi dute. Horren harira, Aloñarekin edo euren kontura Astuneko, Candanchuko edo Formigaleko eski estazioetara doazenek forfaitak merkeago eskuratu ahalko dituzte: Astunen eta Candanchun lau euro merkeago, eta Formigalen sei euro.
Forfaitak bi urteko balioa dute, eta interesatuek Oñatiko Mendizabal kirolak dendan eros ditzakete.