Errekalde eraberritzeko lanak: autoa uzteko orain arte adina leku izango da

Oñatiko Errekalde auzoa eraberritzeko lanak direla eta, autoendako aparkalekuen gaineko kezka zabaldu da auzotarren artean, izan ere, ez dakite ibilgailuak uzteko lehen besteko tokia izango duten edo ez. Lourdes Idoiaga alkateak lasaitasun mezua zabaldu du.

Oñatiko Udalak jakin badaki Errekalde auzoko bizilagunak hainbat eragozpen jasaten ari direla eraberritze lanak direla eta. Baina, bizilagun batek ondo zioen moduan, ingurua hobetuta izateko aurretik une ez hain atseginak pasatu beharko dituzte.  

Azken egunotan kezka ere piztu da auzotarren artean, autoendako aparkaleku kopurua dezente murriztuko delakoan. Horren aurrean, Lourdes Idoiaga alkateak adierazi du oraindik ez dagoela zehaztuta autoak uzteko zenbat toki izango den, baina lehen adina izango dela gutxienez.

Aldatu beharko dena auzoko jendearen ohitura da Idoiagaren esanetan, orain arte autoa ahal moduan aparkatzen zutelako, zenbaitetan garajeetarako sarrerak oztopatuz. Joera horiek aldatzea ezinbesteko ikusten du Oñatiko alkateak.

Irisgarritasuna helburu, bi metroko espaloia egongo da oinezkoendako eta errepide berrian bizikletendako bidegorria marraztuko dute. Modu horretan, ibilgailuen lehentasuna ezabatu eta horien abiadura motelduko da.  

Lanak oso aurreratuta doazenez, aurreikuspenak bete eta azaroaren bukaeran amaituko dituzte. Horrez gainera, auzoaren beste aldea eraberritzeko lanekin ahal den azkarren hasteko nahia ere agertu du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.