Eroskik eta Udalak hitzarmena sinatu dute supermerkatua handitzeko

Mireia Bikuña 2008ko uzt. 4a, 12:20
Hitzarmena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen martitzenean, eta orain, hitzarmena jende agirian jarri dute alegazioak aurkeztu ahal izateko. Hain zuzen ere, uztailaren 22ra arte aurkez daitezke. Hitzarmenean bi aldeek hartutako konpromisoak batu dituzte.

Produktu berberak

Hitzarmena sinatu aurretik, Udalak sakon aztertu du Eroskik egindako eskaera. Herriko merkatari txikiekiko sentsibilitatea kontuan hartuta, hainbat bilera egin zituzten Txanda Dendarien Elkarteko kideekin. Horren harira, supermerkatu berrian egun saltzen dituzten produktu berberak saltzea eskatu dio Eroskiri. Supermerkatuaren azalera ia bikoiztu egingo duten arren – 1.200 metro koadrotik 2.160 metro koadrora handituko dute–, Eroskik baldintza onartu du.
Bi erakundeek sinatu duten hitzarmenean beste hainbat baldintza zehazten dituzte. Besteak beste, egungo dendaren atzean dagoen errekatik gutxieneko atzeratzea betetzea eta denda dagoen gunetik gainerako partzeletara sarbide egokiak bermatzeko beharrezkoak dituen lursailak eskuratzea.
Oñati Ezkerretik koalizioko zinegotziek ez dute begi onez ikusten denda handitzeko erabakia. Hala, bozketan abstenitu egin ziren, bileretan ez zirelako egon eta "merkatari txikien kalterako" erabakia delako.

Txandak badauka hitzarmenaren berri

Txanda Dendarien Elkartean badakite Eroskik supermerkatua handitu gura duela, Udalarekin hainbat bilera egin dituzte-eta. Horren harira, dendarien elkarteko kideek uste dute denda handitzeak ez dietela "kalterik" eragingo. "Esan digute egun saltzen dituzten produktu berberak salduko dituzte: hau da, ez dute erroparik eta etxetresna elektrikorik salduko. Hortaz, baldintza hori betetzen badute, hobeto", esan digute.
Udalak eta Eroskik sinatutako hitzarmenari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, baina Txandak ez du erabaki alegaziorik aurkeztuko duen. "Hurrengo bilera uztailaren 21ean egingo dugu, eta orduan egin dugu berba gain honen inguruan", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak