Erdigunean ia zazpi kilometroko bidegorria egiteko proposamena

Mireia Bikuña 2008ko urr. 15a, 12:09
Ander Irazustak egindako proiektuan 3,8 kilometroko bi adar nagusi (Kurtzekua-Berezao eta Urrutxu-Ugarkalde) eta sei bide-adar egitea aurreikusten du. Txirrinka bizikleta zaleen taldeak du Ander Irazustak egindako txostena uztailaren 16tik, eta bilera irekia egingo du egubakoitzean, 18:30ean kultura etxean. Bidegorri sarean interesa duten eragile guztiak gonbidatu dituzte bilerara.

Bi adar nagusi eta loturak

Ander Irazustak egindako proiektuan 3,8 kilometroko bi adar nagusi (Kurtzekua-Berezao eta Urrutxu-Ugarkalde) eta sei bide-adar egitea aurreikusten du. Lehen adar nagusiak Kale Zaharra eta Bidebarrieta zeharkatuko luke, eta Elorregitik Oñatira Foru Aldundiak egingo duen bidegorriarekin bat egingo luke. Bigarren adar nagusiak Urrutxun eraikiko den kirol-gunetik abiatuta, Unibertsitate Etorbidea, Portu Kale, Santa Marina, Euskadi Etorbidea eta Lazarraga kaleak zeharkatuko lituzke.
Bestalde, bi adar nagusiekin bat egingo duten sei bidegorri motzagoak aurreikusi ditu Irazustak; hain zuzen ere, Kalegoiena-Aita Lizarralde; Atzeko kale-Kalebarria-Lazarraga; Zubibarri-Irizar-Gerriko kantoi; Patrue kale-Arantzazuko Ama; Lizaur-Zubikoa; eta Errekalde. Guztira, hiru kilometro osatuko dute sei bide-adarrek.

Hainbat mota

Hainbat bidegorri eredu proposatzen ditu Irazustak, hain zuzen ere, kaleen zabalera, ezaugarriak eta zirkulazioa kontuan hartuta. Hortaz, bidegorri eredu mistoa proposatzen du; hau da, zati batzuetan bizikletendako bakarrik diren bideak bereiztuko dituzte, eta beste zati batzuetan, bizikletek autoekin edo oinezkoekin edo biekin batera partekatu beharko dute bidea.

Udal arduradunen asmoa da 2009an erdiguneko lehen zatia egitea. Horretarako, hurrengo urteko aurrekontuetan bidegorria egiteko diru-atala zehaztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak