Erantzun ona izan du Torreauzoko inoizko krosik herritarrenak

Oihana Elorza Gorostiza 2009ko eka. 28a, 20:57
Manu Hurtado beasaindarra eta Isabel Ramos oñatiarra izan dira lehen gizona eta lehen emakumea. 60 sari inguru banatu dituzte korrikalari guztien artean, gazte zein nagusi.

Beroa. Bero handia. Horixe izan zuten ahotan Torreauzoko krosa egin zuten korrikalari guztiek, gazte zein helduek. Lasterketa antolatu zuen Antxintxiketan elkarteak joan den urtean baino ur botila gehiago ekarri zituen, korrikalari bakoitzarendako hiru, gutxi gora-behera, baina ez zen nahikoa izan. "Bero handia egin du eta korrikalariak lasterketa hasi aurretik hasi dira ura eskatzen, berotu aurretik. Baina inor ez da kexatu. Zuazolako zubian, Albarratza parean eta Olaten eskaini ditugu ur botilatxoak eta helmugatik gertu iturria dago", azaldu du Asier Osinagak, antolatzaile taldekoak.

Iaz baino korrikalari gehiago
Inoiz baino izaera herrikoiagoa eman gura izan diote antolatzaileek Torreauzoko krosari, eta emaitzarekin pozik gelditu dira. "Umeetan bikoiztu egin da korrikalari kopuruan joan den urtekoarekin konparatuta, 24k hartu dute parte aurten. Eta nagusietan 114 lagunek egin dugu korrika, iaz baino 20 gehiagok", zehaztu du Osinagak. Horietako batzuk, 30 inguru, internet bidez apuntatu dira, baina gehienek lasterketa hasi aurretik eman zuten izena eta hori dela eta, helduen lasterketa 10 minutu beranduago hasi zen. Parte-hartzaile gehienak Oñatikoak izan ziren, baina inguruko herrietatik zein urrutiagotik ere etorri ziren Torreauzora. Adibidez: Arrasate, Zumaia, Gasteiz, Elgoibar, Tolosa, Bergara, Donostia, Legazpi, Aretxabaleta, Plentzia, Azpeitia edo Zaragozatik.

60 saritik gora
Lasterketa amaitzean 60 sari inguru banatu zituzten korrikalari gazte zein helduen artean. Helmugan sartzen zen lehen familia oñatiarrarendako ere sari berezia zegoen, baina inor ez zen animatu eta harendako zen urdaiazpikoa parte hartzaile guztien artean zozketatu zuten. "Aurten ez da inor animatu baina datorren urtean ere ideia horri eutsiko diogu eta bailara osora zabalduko dugu, gainera. Debagoieneko lehen familiari emango diogu saria", aurreratu du Asier Osinagak. 

Hurtado, Ramos eta Molinero
Lasterketaren irabazleak, Manu Hurtado beasaindarrak, 25 minutu eta 42 segundo behar izan zituen 7,600 metroko lasterketa egiteko; 22 minutu egin ditu orain arteko azkarrenak. Lehen emakumea, Isabel Ramos oñatiarra izan zen, 33 minutu eta lau segundorekin. Lehen oñatiarra, berriz, Imanol Molinero izan zen. Moli hirugarren sartu zen helmugan,26 minutu eta bi segundo korrika egin ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak