Erakusketa batekin hasi da Oñatiko Natur Eskolak antolatutako XII. Ingurumen Astea

Miren Arregi Amasorrain 2008ko ots. 21a, 19:10
Astelehenean hasi zen Oñatiko Natur Eskolak antolatutako XII. ingurumen astea, Kultur etxean ipini duten 'Anfibio eta narrastiak: aniztasuna eta kolorea' delako erakusketarekin. Naturarekin lotutako hitzaldiak, filmak eta ipuin emanaldiak antolatu dituzte datorren aste osorako. Ingurumen asteari bukaera emateko Zuhaitz eguna egingo dute martxoaren 2an.

Oñatiko Natur Eskolak ingurumen astea antolatzen duen 12. aldia da honakoa. Kultur etxean, Kutxarena den baina Aranzadi zientzia elkarteak prestatu duen narrastien eta anfibioen gaineko erakusketa dago ikusgai. Kolorea eta aniztasuna dira erakusketan protagonista eta benetan animalia bitxiak eta ikusgarriak dira argazkietan ikusgai daudenak. Martxoaren 2ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era.


Erakusketaren helburua da batetik, natur eskolaren lana herritarren artean zabaltzea da, baina baita ingurugiroarekin lotutako gaurkotasuneko eta intereseko gaiak lantzea. Hala, ingurugiroarekin eta naturarekin lotutako era guztietako gaiak jorratuko dituzte aurtengo ingurumen astean. Beste urte batzuetan ardatz moduan gai zehatz bat aukeratu badute ere, aurten denetarik dago. Hain zuzen ere, Natur Eskolako arduradun Jon Betanzosek azaldu digu, aniztasuna dela ezaugarri nagusietako bat.


Gaurko, Naturaleza Muerta deituriko film txinatarraren emanaldia antolatu dute Zine Klubean, eta datorren astelehenean hasiko dira hitzaldiak. Lehena da, Barrera efektua faunan deituriko hitzaldia. Migel Mari Elosegi biologo eta basozainak azpiegiturek animaliengan zelan eragiten duten azalduko du. Martitzenean aldiz, Kiko Alvarezek, biologo eta Urdaibai Biosfera erreserbako zuzendariak Espezie inbaditzaileen eragina ekosisteetan hitzaldia egingo du. Eguaztenean, Esti Sarrionaindia biologoak onddoen gainean hitz egingo du, eta egubakoitzean Joserra diezek, EHUko ekologia irakasleak erreken gainean berba egingo du.

Datorren eguenerako aldiz, hitzaldien ordez Zine Klubean, Tierra deritzon filma eskainiko dute; gure planetako edertasuna erakusten du filmak, irudi paregabeen bitartez.

Bestalde, umeei zuzendutako ipuin kontaketak ere egingo dira otsailaren 26an eta 28an, kultur etxean arratsaldeko 6etan. Gorringo taldeak 1728 animalia kontu ipuina kontatuko du. Lehen emanaldirako gonbidepenak agortu badira ere, oraindik bigarren saioa ikusi ahal izateko gelditzen dira gonbidapen gutxi batzuk. Interesa dutenek, Kultur etxean eskaera egin behar dute.

Ingurumen astea amaitzeko, zuhaitz feria egingo dute martxoaren 1ean eta zuhaitz eguna martxoaren 2an. Zuhaitz ferian, euskal herriko eta kanpoko zuhaitzak erakutsi eta salduko dituzte herriko plazan. Eta zuhaitz eguna ospatzeko berriz, zuhaitzak landatuko dituzte Arrikrutzeko bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak