Epaiketa galduta, PPko zinegotziak isuna ordaindu beharko du

Miren Arregi Amasorrain 2008ko api. 22a, 20:45
240 euroko zigor penala eta Marijo Altube, Lierni Axpe eta Karmelo Arregiri sinbolikoki euro bana erantzukizun zibil modura. Horixe da Oñatiko PPko zinegotzi Julio Perez de Arriluzearen aurka Altubek, Axpek eta Arregik, euren kontra egindako irainengatik ipinitako salaketaren aurrean epaiak ebatzitakoa. Salatzaileek, ebazpenaren balorazio positiboa egin dute.

Iazko uztailaren 23ko osoko bilkuran iraindu zituen lehenengoz Oñatiko PPko zinegotzi Julio Perez de Arriluzeak EAEko hautetsi Marijo Altube, Karmelo Arregi eta Lierni Axpe. Orduan, salaketa ipini zuten Arriluzearen aurka eta urriaren 3an, prentsaurreko batetan, Arriluzeak aurrekoa berretsi eta berriro iraindu zituen. Epaiketa izan zen martxoaren 12an eta sententzia irten da apirilaren 11an, salatzaileak, apirilaren 18an jakinarazi dituztelarik. Epaiak, arrazoia eman die salatzaileei eta PPko zinegotzia zigortua izan da.

Erantzukizun penalari dagokionean, 240 euroko isuna ordaindu beharko du irainengatik eta erantzukizun zibilari dagokionean, sinbolikoki eskatutako euro bana salatzaileei.

Abokatuak adierazi du, epaiak argi utzi duela salaketak oinarri juridikoa baduela eta bestetik PPko zinegotzi Arriluzeak ez zuela legearen arabera jokatu.

Arriluzeak bere defentsarako erabilitako argumentua zen irainak modu generikoan eta kolektiboki esan zituela. Epaiak dio ordea, irainak zuzenean pertsonalki  eginak izan zirela, asmoa Arregi, Axpe eta Altube desprestigiatzea izanik.

EAEko hautetsi independentistek ez dute helegiterik aurkeztuko sententziak arrazoia ematen dielako eta ebazpenaren balorazio positiboa egiten dute. Gaineratu dute, Ezker Abertzalea jasaten ari den erasoen aurrean, guztiak balio ez duela agerian gelditu dela.

Ez dakite Arriluzeak sententziaren berri duen ala ez, eta beraz, ez dakite helegiterik aurkeztuko duen. Dena den, adierazi dute, PPko zinegotzia ez dela ixilik geldituko eta politika erasotzailearekin jarraituko duela. Gaineratu dute, eurak ez direla probokazioetan eroriko eta herrigintza eta naziogintza uztartuz lanean jarraituko dutela soluziobideen aldekoak direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak