Lau gol jaso eta bat ere ez zuen egin Aloñak zapatuan Pasaiaren zelaian. Oñatiarrek egindako lanarendako emaitza "puztuegia" izan zen; izan ere, Pasaia Aloña baino gehiago izan zen arren, oñatiarrek ez zuten horrelako 'jipoirik' merezi izan.
Aloñak azkeneko asteetako talde berarekin jokatu zuen. Sailkapeneko bigarrenaren aurka jokatzen zutela kontuan hartuta, presioa egitera atera ziren, taldeko arduradunen esanetan.
Hasiera parekatua
Lehenengo zatia oso parekatua izan zen Don Bosco futbol zelaian. Bi taldeek aukera gutxi izan zituzten aurkariaren atea zulatzeko.
Hiru gol hamar minututan
Pasaiaren lehenengo gola korner baten ondoren iritsi zen, 40. minutuan. Bigarren zatian, oñatiarrak Pasaiaren menpe egon ziren; horren ondorioz, 10 minututan hiru gol jaso zituzten eta partidua erabakita geratu zen.