Elkarreratzea eta manifestazioa egin dute sindikatuek

Arritxu Barruso 2007ko mar. 22a, 18:11
Oñatin, atzo, Juan de Garay enpresan lan istripuan hil zen Rafael Zubiagirreren alde, elkarreratzea eta manifestazioa egin dute gaur sindikatuek. Enpresen kolaborazioa eskatu dute lan postuetan segurtasun neurriak hobetzeko eta horrelako ezbeharrak ekiditeko.

Rafael Zubiagirre, 42 urteko oñatiarra, lan istripuan hil zen atzo, martxoak 21, Juan de Garay enpresan. Ezbeharra 06:00 inguruan gertatu zen, langilea bobina bat alde batetik bestera mugitzen zebilenean.
Osalan, Laneko Osasun eta Segurtasunerako Euskal Erakundea enpresan izan zen atzo gertatutako gertutik aztertzeko eta istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da orain.
Juan de Garay enpresak dolu eguna egin zuen atzo eta langileak gaur ere 24 orduko lanuztea egingo dute.

Gaur gainera, 12:00etan, ELA, LAB, ESK eta ESTEILAS sindikatuek kontzentrazioa egin dute enpresa parean eta manifestazioa, ondoren, Oñatiko kaleetan zehar. Deialdi honekin sindikatuek euren dolua agertu nahi izan dute eta laneko segurtasun neurriak ez direla behar bezala bermatzen salatu dute.


38 langile hil dira aurten Euskal Herrian

Rafael Zubiagirrek urte asko zeramatzan enpresan lanean eta orain dela 15 egun lan postua aldatu zion enpresak. Sindikatuek enpresei horrelako kasuetan langileak formatzeko eskatzen diete.

ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez urte hasi denetik 38 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuengatik, eta 10 izan dira Gipuzkoan hildako langileak. Enpresen lankidetza eta konpromisoa eskatu dute sindikatuek.

CCOO eta UG sindikatuek, bestetik, ordubeteko lanuztea egitera deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eraikuntza sektoreko 50.000 langileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak