Elite mailako korrikalariak izango dira zapatuko herri lasterketan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko maiatzaren 22a

Maila handikoa izango da aurten ere, Gorpuzti egun bezperan Oñatin egingo den nazioarteko herri lasterketa. Aurtengoa seigarrena izango da, eta elite mailako korrikalariak etortzeaz gain, Euskal Herri mailan izen handiko korrikalariak ere etorriko dira, besteak beste Asier Cuevas. Herri krosa, Antxintxiketan kirol elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzaz.

Nazioarteko seigarren herri lasterketak punta puntako korrikalariak ekarriko ditu Oñatira. Gorpuzti jaiei lotuta, Antxintxiketan kirol elkarteak beste behin indar eta gogo guztiak ipini ditu lasterketan maila altuko korrikalariak izan daitezen. 10 km-ko ibilbidean, herriko kale esanguratsuenetan 7 buelta emango dituzte. "Zirkuitu azkarra da, marka onak egiteko modukoa", azaldu du Asier Osinagak, Antxintxiketan kirol elkarteko kideak.

Espainiako Atletismo federazioak homologatutako zirkuitua da, Euskal Herrian homologatutako zirkuitu bakarra, eta horrek, atleta asko erakartzen ditu. Aurreko urtetan egon den maila altua mantenduko da aurten ere Gorpuzti bezperako herri lasterketan. Nazioartetik etorriko dira hainbat korrikalari, Kenyatik edota Etiopiatik, besteak beste.

Gipuzkoa mailan puntako korrikalaria den Asier Cuevas, aurtengo Espainiako maratoiko txapelduna izango da Oñatin, eta omenaldi xume bat ere egingo diote Espainiako maratoia irabazi izanagatik.

Elite mailakoak

Elite mailako korrikalariei dagokionean, Jacob Yator, Peter Kirui, Barnaba Sigei edota Peter Yamais izango dira. Lasterketako errekorra Zersenay Tadesse korrikalariak du, 27 minutu eta 54 segundotan, eta errekor hori gainditzen duenari, 1.000 euro emango dizkio antolakuntzak. Emakumeei dagokienean ere maila altua egongo da, Sarah Kerubo atleta delarik faboritoa.

Oraingoz 80 atletak eman dute izena eta lasterketa hasi baino ordu bete lehenagora arte egongo da izena emateko aukera.

Argazki lehiaketa

Oñatiko nazioarteko herri lasterketari lotuta, I. Argazki lehiaketa ere antolatu dute. Lehiaketa zabala da, eta parte hartu gura dutenek, zapatuan, lasterketa egunean bertan, 18:00ak baino lehenago eman beharko dute izena Oñatiko Gaztelekuan. Gaia, Oñatiko 6. nazioarteko herri lasterketa.

Horretaz gain, egunean zehar ere hainbat ekintza antolatu dituzte, hala nola gaztetxoendako probak, edota puzgarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak