Eibarko Haritzak eroan du Oñatiko eskubaloi txapelketa penaltietan irabazita

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko ira. 23a, 17:36
Parekatua izan zen Mikel Deuna sariko finala; ondorioz, penalti bidez erabaki behar izan zuten txapelketako irabazleak. Bada, penaltietan, Eibarko Haritza 3-2 nagusitu zen Zarautzen aurka.

Joan den astean Bergara eta Aloñaren aurka jokatutako finalerdietan lortu zuten finalerako txartela Eibarko Haritzak eta Zarautzek.
Biak ala biak, maila oneko taldeak dira; hala ere, denboraldiaurrean daudela asko nabaritu zen atzoko finalean, huts asko egin zituzten. Lehia oso parekatu izan zen; lehenengo zatiko lehenengo minutuetan, Zarautz markagailuan aurretik jarri zen. Gero, Eibarreko jokalariek lehia berdintzea lortu zuten.
Berdinketarekin, tentsioa nagusitu zen bi taldeen artean; atsedenera markagailuan aurretik joan gura zuten bi taldeek. Hala, azkeneko minutuetan Zarauzko jokalariek egindako lanak bere saria izan zuen; atsedenera, 10-7 aurretik joan ziren.
Aldagelatik bueltan, Eibarko jokalariak indarberrituta irten ziren. Zarautzekoek, gainera, huts asko egin zituzten; baloi samurrak galdu zituzten eta jaurtiketetan ez ziren fin aritu.
Bestalde, aipatzekoa izan zen Eibarko atezainak egindako lana; hainbat penalti gelditu zituen Jose Angel Fernandezek. Hori dela-eta, amaieran, jokalari onenaren saria jaso zuen Fernandezek.

Penaltiak egon ziren

Finala berdinketarekin amaitu zen (20-20); ondorioz, talde bakoitzak bost penalti bota zituen. Zarautzeko jokalariak hasi ziren penaltiekin; eta, lehenengo hirurak huts egin zituzten. Penaltietan ere, Fernandez atezainak egindako lana txalotzekoa izan zen. Eibarko taldeak, aldiz, bost penaltietatik hiru sartu zituen. Hala, 3-2 nagusitu ziren eta Mikel Deuna txapelketa irabazi zuten.
Bestalde, hirugarren postua lortzeko lehian, Aloña eta Bergara aritu ziren nor baino nor gehiago. Lehia oso parekatu izan zen; atsedenean 11-12 aurretik ziren bergararrak. Bigarren zatian ere jokoa berdintsua izan zen; hala, azken bost minutuak izan ziren erabakigarriak. Etxek taldea indartsu iritsi zen azkeneko minutuetara eta 25-23 irabazi zuen kontsolazio finala. Modu honetan, Aloñak irabazi zuen hirugarren  garaikurra.
Amaieran, sari-banaketa egin zuten. Lehenengo hiruren garaikurrak Eibarrek, Zarautzek eta Aloñak jaso zuten. Jokalari onenaren saria, berriz, Eibarko Jose Angel Fenandezek eraman zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak