Eguzkiaren beropean egin dute oñatiarrek Gorpuzti eguneko prozesioa

Edurne Burgaña 2007ko eka. 11a, 11:49
Oñatiko patroia San Miguel bada ere, San Miguel jaietan ez ezik, Gorpuzti jaietan jende mordo bat biltzen da herrian. Han bizi ez direnak ere etxera bueltatzen dira egubakoitzean hasi eta domekan bukatzen diren jaietan parte hartzeko. Aurten ere, Oñati lepo bete da.

Atzoko goiza trumoi hotsekin hasi zen eta bat baino gehiago zerura begira egon zen, euri tanten beldur. Baina ostarteak egiten hasi eta eguzkia ere irten zen Oñatiko zeruan. Trumoien hotsa kanpaien hotsek ordezkatu zuten; plazan, gogor entzun ziren, nahiz eta herriko beste azter batzuetan ez ziren hainbeste entzun; normalean, herriko kanpai guztiek jotzen dute.

Goizeko 10:00etan, prozesioko irudiak San Miguel Parrokiara eroan zituzten. San Miguelen irudia eta korporazioa 10:45 aldera iritsi ziren parrokiara.

Meza nagusia egin zuten 11:00etan, eta Oñatz dantza taldekoek altarean dantza egin zuten. San Miguel eta Apostoluak Santa Ana Antzokian jantzi ziren, eta aurten ere, jendea bertan egon zen gizonak nola aldatzen ziren ikusteko. Handik parrokiara bidea dantzariek lagunduta egin zuten.

Ondoren, Korpuseko prozesioa egin zuten herriko kale nagusietan. Ibilbidea ihiekin (oñatiarrez, ixaak) markatuta zegoen.

Aurten Jaunartzea egindako haurrak, aingeruak, txistulariak, santuen irudiak, musika bandakoak, Apostoluak eta San Miguelek parte hartzen dute prozesioan, besteak beste. Guztien inguruan dantzan Oñatz taldeko bederatzi dantzari; Julen Kortabarria kapitaina, dantzari urdina, buru.

Aldaketak

Eguzkiak gogotik ematen zuen 12:00etan Oñatiko plazan, eta izerditan blai aritu ziren dantzariak batetik, eta Apostoluak eta San Miguel, bestetik, poliki, soinean zituzten jantzien pisua zela-eta.

Aurten, gainera, San Miguel aldatu dute. Apostoladuaren Kofradiak hiru urtero aldatzea erabaki zuen, eta hala, aurreko hiru urtetan rola bete duen Fernando Diazek Juan Antonio Agirianori eman zion atzo lekukoa.

Kale Zaharreko 8. zenbakiko obrak direla eta, aldarea ere lekuz aldatu dute. Botika aldamenean egoten da, eta atzo metro batzuk gorago zegoen, plaza aldera.

Foruen Plazan amaitu zen prozesioa. Parrokoak eskuetan zeukan Kristoren Gorputzari erreberentzia egin zioten dantzariek eta irudi santuak parrokiara bueltatu zituzten, datorren urtera arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak