Gainera, herri batzarrak deialdia aprobetxatu zuen kamisetak eta laguntza-txartelak saltzeko. "Egunkaria-koen kontrako epaiketa abenduaren 14an hasiko dute. Bitartean, epaiketako gastuak ordaintzen laguntzeko dirua batzen jarraituko dugu", esan digute Oñatiko batzarreko kideek.
Gaineratu digute oraingoz ez dutela beste ekintzarik esku artean, baina epaiketa hasi aurretik beste ekitaldiren bat antolatzea ez dutela baztertzen.
Egunkaria auziaren kontrako taldea orain dela aste batzuk sortu zuten Berria egunkaria sortzeko herri batzordean ibilitako herritar batzuek. Ordutik hona, bilerak eta hainbat ekitaldi egin dituzte; besteak beste, Santa Zezilia egunean herriko plazan egindako kopla emanaldia.