EAJk bederatzi batzorde hartu ditu eta EAk bi

Goiena 2007ko uztailaren 23a

EAJ eta EA alderdiek osatuko dute aurrerantzean udal gobernua eta euren artean egin dute batzorde banaketa. Horrela, 11 batzordeetatik bederatzi EAJren eskuetan egongo dira eta beste biez EA arduratuko da. Honela gelditu da batzorde informatzaileen banaketa:

Batzorde informatzaileen banaketa:

Lourdes Idoiaga (EAJ): alkatea, Ogasuna, Pertsonala eta Plan Estrategikoa
Angel Biain: (EAJ): Hirigintza eta Lurrande Antolamendua
Ainhoa Galdos (EAJ): Nekazaritza eta auzoak
Amaia Intza (EA): Kultura
Andoni Gartzia (EAJ): Garapena, Enplegua eta Merkataritza; Kirolak
Mikel Iturrospe (EAJ): Euskara eta Hezkuntza; Haur eta Gazte batzordea
Rosarito Galdos (EAJ): Gizarte Zerbitzuak
Ernesto Murgiondo (EA): Turismoa
Jose Mari Igartua (EAJ): Zerbitzuak, Azpiegiturak eta Ingurumena

Udal eraketa berrian, beraz, bi aldaketa hauek egongo dira: Ainhoa Galdos Euskara eta Hezkuntza gaietarako zinegotzia izan da azken lau urtetan eta agintaldi berrian Nekazaritzako eta Auzoetako gaiez arduratuko da. Kirolak, aldiz, EAk kudeatu ditu azken lau urtetan eta EAJ arduratuko da aurrerantzean.

Batzorde informatzaileetan alderdi guztiek dute parte hartzeko aukera, EAE-ANVk barne. Batzorde horiek itxiak dira berez baina edozein herritarrek ere hartu dezake parte gai konkretu bati buruz berba egiteko; aurretik egin behar du eskaera.

Soldatak

Agintaldi berrian pertsona bakarra egongo da liberatuta Udalean: alkatea. "Alkatearen presentzia eskatzen duten bilera edo ekitaldietara Ainhoa Galdos joango da, neuk ezin badut joan. Bera izango da nire ordezkaria eta zinegotzi lanaz gain egingo du hori, baina lantaldean sartu barik", argitu du Lourdes Idoiaga alkateak.

Hauexek dira udalbatza berriak onartu dituen soldatak: alkateak, gehien kobratzen duen udaletxeko teknikariak baino %10 gehiago kobratuko du;  zinegotzi bakoitzak, 185,84 euro hileko; batzordeburu bakoitzak, 520,37 euro hileko; lehenengo alkate ordeak, 1.319 euro hileko (toki korporazioetako kideen asistentziak eta falta araututa daude). Bestalde, talde politikoendako laguntzak: zati finkoa,  45,05 euro hileko eta zati aldakorra (partaide kopuruaren arabera), 142,69 euro hileko.

Maiztasuna

Bestalde, hileko azken eguenetan egingo dituzte ohiko osoko bilkurak eta udal gobernua eguen guztietan bilduko da. Gobernu batzordean alkateak eta beste bost zinegotzik izango dute botoa. Lehen alkate ordea Ainhoa Galdos izango da.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak