Duruko Jaia ospatuko dute domekan

Leire Kortabarria 2008ko uzt. 24a, 11:13
Aurten ere, Duruko jaia martxan dago, eta datorren domekan, hilaren 27an, ospatuko da. Jatekoak eta edatekoak, bazkaria, musika, bertsoak… izango dira, helburu batekin: jendeak Duru eta hango inguru eta aterpetxeak ezagutu ditzala.

Bi urtean behin egiten den jai hori hango 12 aterpeek antolatzen dute. Aterpeak hauek dira: Aierdi, Belaskua, Unamendi, Azkonar-Zulueta, Zarzabal, Gure kabia, Korostabil, Horkonpon, Goiko Benta, Tellatxabola, Aitzarte eta Otadui.
 
Aurten 8. ekitaldia izango da. Hasiera baten jaia Santiago egunez ospatzen bazen ere, orain domekara pasatu dute, izan ere, Santiago egunez batzuek lana eta beste batzuek jai izaten zuten eta "ez zen erraza egun horretan ezer antolatzea", diote antolatzaileek. "Bestalde, domekan eginez, beti dago aukera aurreko egunean dena gertu uzteko".

Parte-hartze handia izaten da jai egunean , eta ekitaldi guztietatik aparte, bazkaltzera 150 eta 200 pertsona bitartean elkartzen da. "Horrelako ekitaldi bat eta 200 pertsonarendako bazkaria antolatzea ezer ez dagoen lekuan ez da erraza, baina jendea animoso dagoen bitartean jarraituko dugu, gustu handiz, gainera", azaltzen dute antolatzaileek.
 
Aurtengo programa hau da :
 

  • 11:00: meza Aierdiko aterpean
  • 11:30: Aierdiko aterpean pintxoak eta salda
  • 12:00: Duru eta inguruetako artzainek eskainitako gazta-dastatzea Unamendi gainean. Bertan artzain txakurren erakustaldia izango da, baita bertsolariak ere
  • 13:00: Aterpe txikiteoa hasten da trikitilariekin. Aurten Zarzabal, Otadui, eta Goiko Benta aterpeak bisitatuko dira
  • 15:00: Bazkaria
  • Bazkalostean bertsolariak izango dira. Aurten Beñat Gaztelumendi eta Gorka Azkarate arituko dira.
  • Amaitzeko, musika eta festa egongo da iluntzera arte.

Antolatzaileek gogorarazten dute edonork har dezakeela parte ekitaldi guztietan, bazkarian izan ezik, aurrez erositako txartelak behar direlako; bestetik, hauxe diote: "Jaiaren helburuetako bat jendeak Duru eta bere ingurua ezagutzea denez, animatu eta 27an etorri Durura!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak