Duatloi denboraldia Gipuzkoara iritsiko da bihar, Oñatira (16:00)

Xabier Urtzelai 2008ko mar. 14a, 17:39
Oñatiko Triatloi Taldeak eta Euskadiko Federazioak antolatuta, Oñatiko XVII. Duatloia egingo dute bihar. Atletak oraindik ez daude gorputzaldi onenean, denboraldi hasiera delako, baina aurreko duatloietan –Durangon eta Basaurin– bistan geratu da aurten zeintzuk izango diren aurrean.

Biharko lasterketarako gertu izango dira iazko irabazle Virginia Berasategi eta Mikel Elgezabal. Horiekin batera, Oñatiko zaleendako ezaguna den Laurent Galinier atleta frantziarra ere izango da –2006an irabazi zuen Oñatiko proba–, eta baita Patxi Urizar ere, gaur egungo zirkuituko liderra –Durangon nagusitu zen–. Basauriko proban, berriz, Jon Arozena izan zen azkarrena, eta hura ere Oñatin izango da. Gizonezkoen kategoria, baino, emakumezkoena azpimarratuko dugu, Berasategirekin batera Ainhoa Murua atleta olinpikoa, egun lider dagoen Inma Rafael eta 2007ko txapelketako irabazle Amaia Ostolaza ere irteera puntuan izango direlako; lehia estua emakumezkoetan.
Eta, ezin alde batera utzi Oñatiko proban esku hartuko duten debagoiendar mordoa. Egongo da aurrean ibiliko denik.


Distantzia motzean

Beste edizioetan moduan, aurten ere distantzia motzeko duatloia egingo dute Oñatin. Lasterkariek hiru lan saio egin beharko dituzte segidan: hasteko, zortzi kilometro korrika –bi itzuli herri barruko zirkuituari: Foruen plaza; Kale Barria; Apaolaza; Kurtzebide; Errekalde; Kale Zaharra; Otadui; Lizaur; Unibertsitatea; Foruen plaza–. Eta bizikletak hartuko dituzte gero, Antzuolatik eta Legazpitik bueltan 40 kilometroko ibilbidea egiteko. Proba amaitzeko, berriro ere korrika egiteko zapatilak jantzi beharko dituzte, azken lau kilometroak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak