Domekan ospatuko dute oñatiarrek Gorpuzti eguna

Maider Arregi 2007ko eka. 8a, 15:37
Ekitaldi eta ikuskizunak aste buru guztian zehar izango dira. Gaurtik, ekainak 8, hasi eta domekara bitartean, hain ezagun egin diren Gorpuzti dantzez gozatu ahal izango da Oñatz dantza taldearen eskutik.

Oñatin zerbait urte luzetan zehar ongi mantendu bada, hori Gorpuzti eguna izan da. Izan ere, 500 urte baino gehiago dituen  ohitura honek jende ugari erakartzen du urtero Oñatira. Oñatiko Gorpuzti jaien osagarri garrantzitsuenetako bat Oñatiko dantzak dira. Egubakoitzean hasi eta domekara arte herriko auzo, ikastetxe eta kaletan zehar arituko dira dantzatzen hain ezagunak egin diren Gorpuzti eguneko dantzak. Izan ere,  domekako prozesioko zati garrantzitsu bat ere badira dantzak.

Jai giroan murgilduko da beraz gaur, Oñatiko herria. 22:00etan profesional mailako pilota partidua izango da, Bengoetxea VI. eta Otxandorena bikotea, Unanue eta Patxi Ruizen kontra. Santa Ana antzokian, berriz,  "Meando Fuera del tiesto" antzezlana ikusi ahal izango da Kunka antzerki taldearen eskutik.

Bihar, ekainak 9, era guztietako eta adin guztietarako aukerak egongo dira. Etxeko gaztetxoenek, Txan magoaren "magiaz blai" ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Nazioarteko V. Herri Lasterketa ere izango da eta musika aukerarik ez da faltako egun guztian zehar, izan ere, Musika bandaren kalejira, kontzertuak eta erromeria ere egongo dira.

Domeka, ekainak 10, da egun handia oñatiarrentzat. Goizean goizetik txistulari eta musika banaren goizereziarekin  batera hasiko dira prozesioko irudiak San Migel parrokiara iristen. Meza nagusiaren ondoren hasiko da prozesioa, 12:00ak aldera.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak