Domekan egingo da Torreauzoko Herri Lasterketa, berrikuntzekin

Miren Arregi Amasorrain 2009ko ekainaren 24a

Saritan dirua banatu beharrean opariak, hala nola urdaiazpiko, gazta eta bestelakoak jasoko dituzte irabazleek. Horretaz gain, eta Odriozola harategiak urtero ematen duen sariaz gain, helmugara lehenengo iristen den familiak ere jasoko du saria. Bi baldintza bete beharko dira; familiak oñatiarra beharko du izan, eta familiarteko zuzenak izango dira kideak. Horiek, batera gurutzatu beharko dute helmuga. Antxintxiketan Kirol Elkarteak, lasterketak izaera herrikoia izan dezan gura du.

Torreauzoko jaietan, azken hamabi urteetan egin den legez, aurten ere, Torreauzoko Herri lasterketa egingo da datorren domekan, hilaren 28an. Antxintxiketan kirol elkarteak lasterketa hau antolatzen duen bigarren aldia da, eta berrikuntzekin dator oraingoan. Lasterketak, izaera herrikoia izan dezan lortu gura dute, eta horretarako, aipatu aldaketak egin dituzte, sariei dagokienean.

Gazteen lasterketan, kadete, infantil eta alebinek hartu ahal izango dute parte, eta goizeko 10:30ean hasiko da. Ibilbideak, 2000 metroko luzeera izango du.

Nagusien edo helduen lasterketa, berriz, goizeko 11etan hasiko da. Zazpi kilometro eta 600 metro izango ditu ibilbideak, eta San Pedrotik irten, Olateraino joan, eta handik berriz  ere egin beharko dute San Pedrora. 

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko; batetik, egin dezakezue www.herrikrosa.com helbidean, edo bestela, egunean bertan. Internet bidez egin ezkero izen ematea, 8 euro ordainduko dira, eta egunean bertan emanda, 10 euro. Debagoieneko eta Oñatiko korrikalariak animatu gura dituzte antolatzaileek, lasterketan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak