Diputatuen kontseiluak Oñatin egindako bileran erabaki du goi-karguen lansariak izoztea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko irailaren 10a

Diputatuen Kontseiluak Oñatiko Udaletxean egindako bilkuran erabaki du foru diputatuen, goi-karguen eta izendapen libreko behin-behineko langile guztien lansariak izoztea 2009an. Foru diputatuek erabaki hori eman dute krisi ekonomikoaren egoerari aurre egiteko. Gainera, Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren sorrera, osaera eta funtzioak arautzen dituen foru dekretua onartu du Oñatin egindako bileran.

«Ez da bakarrik lekukotasun keinu bat egitea, batik bat Gipuzkoako herritarrekin elkartasun pertsonala eta erakundeekiko konpromisoa adierazteko modu bat da. Krisi ekonomiko honetan, eta hazkundea izateko aukerak oso laburrak direnez, zorroztasunez eta erantzukizunez jokatu behar dugu, egoera hori lehenbailehen gainditu dezagun», adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok.

Bizikletaren kontseilua

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren sorrera, osaera eta funtzioak arautzen dituen foru dekretua onartu du. Kontseilua bizikletari buruzko gaien eta bizikletako mugikortasun kontuen inguruko aholkularitza organo gorena izango da Gipuzkoan. Bizikletaren Kontseilua partaidetza eraginkorreko organo izateko sortu da, bere eskumenaren esparruan paper aktiboa izango du, eta Gipuzkoako gizartean dauden iritzi eta sentsibilitate guztiak hartuko ditu kontuan.

Bizikletaren erabilera sustatzea

Bere zeregina, besteak beste, izango da bizikletako mugikortasunarekin zerikusia duten arautegi aurreproiektuei, planei eta proiektuei buruzko proposamenak egitea, bai bere ekimenez eta bai erakundeek eskatuta.  Horrez gain, hezkuntzako neurriak proposatuko ditu, bizikletaren erabilerari buruz eta bizikleta erabiltzeak dauzkan balioei buruz Gipuzkoako gizartea informatzeko, jakinaren gainean jartzeko, bideratzeko eta sentsibilizatzeko. Era berean, herritarren parte hartzea sustatuko du bizikleten mugikortasunaren alorrean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak