Datorren ikasturterako gertu eduki gura du Udalak ludoteka zerbitzua

Edurne Burgaña 2007ko mar. 5a, 10:08
Oñatiko Udalak 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat ludoteka zerbitzua prestatzea erabaki du. Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeko buru Ainhoa Galdosek adierazi duenez, "datorren ikasturte hasierarako prest egotea da Udalaren helburua, baina ikusi egin beharko da bete beharreko pausoek zenbat denbora eskatzen duten".

Helburuak

Datorren ikasturte hasieran, ludoteka berriaren erabiltzaile izango direnen guraso eta irakasleekin hitz eginda ikusi zuten ludoteka baten beharra. "Gurasoen artean, eta kalean bertan, gero eta gehiago entzuten zen asteburuetan umeek ez zutela zer eginik herrian, ludoteka baten beharra dagoela", azaldu digu Ainhoa Galdosek.

Espazio finko baten bila hasi ziren, beraz, eta erabaki dute non eraikiko duten ludoteka: "Lizaur kaleko 5ean lokala dauka Udalak -garai bateko psikopedagogikoan-, eta bertan egokitzea erabaki dugu", zehaztu du Udal Euskara eta Hezkuntza batzordeko buruak.

Baina ludotekan eskainiko den zerbitzuaz gain, beste ekintza puntual batzuk ere antolatuko dituztela gehitu du batzordeburuak: "Kultura eta ikuspegi ludikotik begiratuta, ekintza puntualak ere antolatuko ditugu, eta ez bakarrik 3 eta 6 urte bitartekoentzako, baita 9-11 artekoentzako ere. Horretarako, gaztelekua, Santa Ana, plazako pilotalekua edo kultura etxeko azpiegiturak erabiliko ditugu".

Lanak elkarlanean

Baina lana ez dute bakarrik egingo; herriko ikastetxe eta guraso elkarteekin elkarlanean egingo dute Udalekoek. "Horrela, eurek antolatzen dituzten ekintzekin koordinatu eta denon artean haurrentzako programa zabal eta aberatsa osatzea da helburua", zehaztu du Galdosek.

Proiektua martxan jarri badute ere, oraindik zerbitzua prestatzeko proiektua idatzi behar da. Gero, lokala egokitzeko lanak egin, eta proiektu pedagogikoa landu, eta zerbitzuaren ardura edukiko duen enpresa ere kontratatu behar du Udalak. "Datorren ikasturterako zabaldu gura dugu, eta lehenago ahal bada, hobe", esan du Galdosek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak