Datorren astean esleitu gura ditu Udalak Urrutxuko lanak

Leire Kortabarria 2009ko uzt. 17a, 13:39
Hilaren 23ko osoko bilkuran onartu gura du Oñatiko Udalak Urrutxuko zabortegia berreskuratzeko lanak ze enpresari esleitu. Lehiaketara 13 enpresa edo aldi bateko enpresa-elkarte (UTE) aurkeztu dira, eta egunotan dabiltza Oñatiko Udaleko ordezkariak eta LKSko teknikariak proiektuak aztertzen.

Anjel Biain Oñatiko Hirigintza zinegotziak esan digunez, "enpresa guztiek betetzen dituzte baldintzak". Bestalde, Oñatiko hainbat enpresa aurkeztu direla ere esan digu. Horrenbestez, lanak "lehenbailehen" hasiko dituztela gaineratu du zinegotziak, baina "data zehatzik ez dago: uztail bukaeran edo abuztu hasieran" gura luke Oñatiko Udalak.
Urrutxuko lursaila berreskuratzeko lanak finantzatzeko, 2,8 milioi euro lortu ditu Oñatiko Udalak: 1,3 milioi Foru Aldunditik; 300.000 euro Ihobetik; eta 750.000, Ibarrako lur-eremu bat Eteori saltzeagatik. Oraindik dirulaguntza gehiago lortzeko ahaleginetan dabil Udala, izan ere, oraingo agintaldian geratzen den inbertsioetarako dirua Errekalde eta San Lorentzo auzoak berritzeko izango dela erabaki zuen Udalak, eta horrek esan gura du beste proiektuetarako ahalik eta diru-iturri gehienak behar izango dituela.

Proiektu osoak 5,7 milioiko aurrekontua du. 


Lanon helburua da etorkizunean kirolgunea egiteko leku egokia sortzea, zabortegia dagoen lekua egokituta eta aprobetxatuta. Edozein modutan, kirolgunea egitea etorkizunerako asmo bat da, proiektua dagoeneko idatzita dagoen arren.

Lehenengo, plataforma sortu

Lehenengo fasean, lurrak mugitu egingo dituzte eta plataforma horizontal bat sortu. Gero, sei hilabetez bere horretan utziko dituzte lurrok, egonkortu daitezen. Bigarren fasean, lurrak zigilatu egingo dituzte, lurraren gainean polipropilenozko laminak jarriaz. Lan horrekin bi gauza lortzen dira: batetik, zabortegi izandako guneko lurrak isolatuta egotea eta gero egingo diren kirol instalazioekin kontaktuan ez egotea; eta, bestetik, goiko urak behera ez iragaztea edo filtratzea.
Azkenik, gaur egun zabortegiaren azpitik pasatzen den errekatxoa azalera ekarriko dute, eta desbideratu egingo dute. Inguruan dagoen Urrutxu baserri ondotik pasatuko da ibilbide berriarekin.

kirolgunea, gerorako

Ezinbestean, datozen hilabete edo asteotan hasi behar dira obrak; hori da Oñatiko Udalak jasotako dirulaguntzekin datorren baldintza bat. Hortaz, hasi udan hasiko dira, eta bukatu, lehenengo faseko lanak, urte bukaerarako; gero sei hilabeteko itxaronaldia etorriko da. Datarik ez dutenak, oraingoz, kirolgunearen lanak dira; Anjel Biainek, Hirigintza zinegotziak, "datozen bi urteotan oraindik hasi ere ez" direla egingo esan du.
Proiektua eginda dago eta honakoak batzen ditu: futbol-zelaia, sei kaleko atletismo pista, harmailak, aldagelak, biltegia, gimnasio txiki bat eta arku-tiroa egiteko leku bat. Halako kirol azpiegitura batek tamainako aurrekontua du ere: 5 milioi euro. Krisi ekonomiko orokorrak baldintzatuta, oraingoz alde batera dago proiektu hori; idatzita, baina garai hobeen zain.
Horrek eragin egiten die Oñatiko Aloña Mendi elkarteko atletismo sailekoei; horko kirolariak Ibarran entrenatzen ziren, baina han ere obrak egin zituztenetik, leku barik geratu dira eta Zumarragara joaten dira entrenatzera. Bada, oraingoz, halaxe jarraitu beharko dute, entrenatzera kanpora joaten, Oñatiko atletismo pista berria egin arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak