Danborrada antolatzen laguntzeko deia herritarrei

Miren Arregi Amasorrain 2008ko eka. 25a, 10:59
Hasi dituzte dagoeneko Oñatin, irailean egingo den umeen danborradarako entseguak. Umeen danborradarako eta nagusienerako beharrezko diren prestakuntzak egiteko antolakuntzak laguntza behar du, eta lan egiteko prest dagoen orori dei egin diete.

Apiriletik irailera arte, nagusien danborradara arte hain justu, irauten dute umeen eta nagusien danborradako prestaketa lanek. Umeen entseguak hasita daude dagoeneko eta nagusiek irailean hasiko dituzte entseguak.

Urte askoko ohitura

1960an egin zen lehenengoz nagusien danborrada Oñatin. Ondoren etenaldi bat egon zen eta urte batzuen ostean ekin zioten berriz ere danborrada antolatzeari. Umeen danborradak berriz, iaz bete zituen 25 urte. Urte hauetan guztietan bi danborraden prestakuntza lanetan hainbat pertsona aritu dira baina duela urte batzuetatik gaur arte antolaketarako jende gutxi dagoela-eta, jendea batu guran hainbat deialdi egin ditu antolakuntzak.

Danborrada egunerako laguntza

Iazko deialdia ez zen oso oparoa izan eta aurten ere, herritarrei deia luzatu gura diote. Lan egiteko prest dagoen edonori luzatzen diote antolakuntzan parte hartzeko deia. Antolatzaileen arabera, lan handiena danborradako egunean bertan egoten da, aurrez, entseguetan-eta hiru lau bat pertsonekin nahikoa izaten baita.

Danborradetan irteteko jendea bilatzeko arazorik ez da egoten, umeak berehala lortzen dira, eta nagusienean ere, herritarren parte hartzea handia izaten da. Jaietan, baina, herritarrek danborradekin disfrutatzen jarraitu gura badute, danbor jotzaileak, dantzariak, musika banda eta parte hartzaile guztiak koordinatuko dituen antolakuntza ezinbestekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak