Arrasateko Uarkape pilotalekuan gaua pasa ostean, oinez jo dute Cegasako langileek zapatu goizean San Prudentziorantz. Handik, Oñatirantz jo dute. Hain zuzen ere, Cegasako jabearen baserri aurrean komunikatu bat irakurri, postontzira bota eta Oñatira jo dute jarraian. Han, kale agerraldia egin dute eta azkenean protesta-ibilaldia bukatutzat eman dute.
Arrasatetik 50 bat langile irten diren arren, Oñatin jende gehiago batu eta 200 bat laguneko kale agerraldia egin dute. Langileak kezkatuta daude euren orainarekin eta etorkizunarekin, eta dituzten eskubideen alde gogor borrokatzeko asmoa daukate.