Cegasako langileek onartu egin dute enpresak proposatutako lan erregulazio espedientea

Goiatz Arana Begiristain 2009ko abu. 29a, 15:25
Atzo, barikua, egin zuten bozketa eta etzi, astelehena, sinatuko dute akordioa. Kaleratzea hitzartu duten langileei eta aurrejubilazioa hartzen dutenei eragingo die.

Pilak ekoizten dituen enpresak Gasteizen duen lantegiko langileek esku hartu zuten atzoko bozketan, langile kopuru osoaren erdiak baino gutxiagok. Zuzendaritzaren proposamenak aldeko  128 boto jaso zituen eta kontrako 23. Kaleratzea hitzartu dutenei eta aurrejubilazioa hartzen dutenei eragingo die eta, orain arte, 125 langilek eman dute izena akordiora batzeko. Asteleheneko 10:00ak arte, zabalik egongo da zerrendan sartzeko epea.

Baldintzak

Hitzartutako kaleratzeen kasuan, lan egindako urte bakoitzeko, 45 eguneko soldata jasoko dute, gehienera 120 mila euro. Era berean, langile horiek aukera izango dute soldata baxuagoa jaso eta beste lan bat topatzen lagunduko dien aholkularitza zerbitzua izateko.

Aurrejubilazioa hartzen dutenek 55 urte izan beharko dituzte gutxienez. 61 urtera arte, langabezian egotearren izango dituzten diru sarrerak osatzeko konpromisoa hartu du enpresak, soldataren %90era ailegatu arte.

Egun, Cegasa Gasteizen dituen 360 langileetatik 203ri eragiten dien lan erregulazio espediente batean dago murgilduta eta egoera horretan jarraituko du urtea bukatu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak