Enpresaburuek proposatutako EREak 217 langileri eragingo lioke, eta 54
urtetik gorako 95 langilerentzat aurre-erretiro aurreikusten ditu
(soldataren %70 eskainita). Gainerako 122 langileek diruz lagundutako
baja lortuko lukete (lan egindako urte bakoitzeko 30 egunekoa, 12
hileko ordainketa mugarekin).
Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Joseba Azkarragak azaldu duenez,
erabakia "azterketa zehatz baten ondorioa" da, eta negoziatzen
segitzearen aldeko mezua zabaldu du.
Cagasak Gasteizen duen zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren erabakia
gogor kritikatu du, eta hura "hauteskunde irizpideen arabera" hartu
dela salatu du, "enpresaren edota lanpostuen defentsan izan beharrean".
Horrek enpresa talde osorako "oso ondorio larriak" eragingo dituela
ohartarazi du. Datozen egunetan erabakiaren ondorioak eta horren aurren
zer neurri hartu aztertuko du enpresak.
Enpresako zuzendaritzari jarraiki, Gasteizko plantan "bideraezina" da
kontsumorako pilak ekoizten jarraitzea, eta dagoeneko 22,5 milioi euro
baino gehiagoko galerak dituzte. Horrez gain, langile batzordearen eta
sindikatuen jarrera gaitzetsi du, "bi hilabeteetan negoziatzeari uko
egin" diotela argudiatuta.
Sindikatuen arabera, aldiz, lan erregulaziorako espediente proposamena
langileekin eta beraiekin kontsultatu gabe aurkeztu zuen enpresak.
"Gainera, ez dago behar bezala justifikatuta, zeren eta enpresak pilak
ekoizteko prozesua lekuz aldatu eta Txinara eraman nahi du", azaldu
dute gaur.
Langileek bihar egingo dute batzarra beren egoera aztertzeko eta aurrera begirako pausoak bateratzen saiatzeko.
Iturria: Berria.info