Bukatzear dituzte San Migel parrokiko berriztatze lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko uzt. 26a, 13:13
Datorren irailean kanpaina konpontzeko eta eliza barruko elektrizitatearen instalazioa hobetzeko lanak hasiko ditu parrokiak berak.

Hilabete honen azken egunetan edo abuztuko lehenengotan bukatuko dituzte San Migel parrokiaren fatxada berriztatzeko lanak. Aste honetan egin dute azken bilera Aldundiko eta obrak egiten ari den Donostiako Teunsa enpresako ordezkariek. Azken ukituak falta dira orain bakarrik egiteko.

Laserrarekin
Joan den urrian hasi zituzten lan horiek eta ekainerako, Gorpuzti jaietarako, bukatu gura zituzten baina uste baino lan gehiago zegoela ikusi zuten hainbat gunetan; parrokiako portikoan zeuden irudi batzuk, adibidez, uste baino egoera okerragoan zeudela ikusi zuten teknikariek. Goiangeruak, adibidez, apurtuta zuen eskua dagoeneko.
Irudi hori eta beste batzuk laserrarekin garbitu dituzte eta horrek atzeratu ditu lanak.  Ekainean hasi ziren laserra erabiltzen. "Laserrarekin poliki egin behar da lana. Joan den astean bukatu genuen irudiak laserrarekin garbitzen", azaldu du Aitor Gazteluk, Teusa enpresako teknikariak.

Lanen aurrekontua
San Migel parrokiaren fatxada zaharberritzeko lanek 724.000 euroko aurrekontua dute. Kopuru horren %50a Aldundiak ordainduko du, %25a Udalak eta gainerako %25a herritarren dirulaguntza bidez ateratzea da asmoa. Parrokoaren, Don Sabino, esanetan, "jendeak oso ondo erantzun dio parrokiaren eskaerari. Oraindik ere dirulaguntzak jasotzen ditugu tarteka. Eskerrak eman gura diet denei", dio.
Udalak, gainera, kanpandorrea kanpotik argiztatzeko instalazio lanak ere egin ditu. "Bukatuta daude lan horiek ere eta irailerako, herriko jaietarako, martxan egongo da", aurreratu du Lourdes Idoiaga alkateak.

Lan hauek bukatu ondoren, parrokiaren bi pareta geldituko dira garbitu barik, Euskadi etorbidera begira dauden bi paretak, hain zuzen ere. Parrokoak eta Udalak baieztatu duten moduan, lan horiek egiteko borondate politikoa azaldu dute erakundeek, baina oraindik ez dute ezer sinatu. Beraz, oraindik erabaki barik dago noiz hasiko dituzten lanak eta nork eta zenbat diru jarri duen hori egiteko.

Argi sistema hobetu 
Bestalde, eta fatxada berriztatzeko lanaz aparte, beste bi proiektu ditu egiteko elizak: parrokia barruko elektrizitate instalazioa hobetu eta kanpaia konpondu. Lan horiek, baina, elizak bakarrik ordainduko ditu.
Parrokoak azaldu duen moduan: "Aldundiak berak eskatzen du toki publikoetan behar bezalako argi sistema jartzea eta horixe egin behar dugu; adibidez, larrialdi irteerak seinalatu behar ditugu. Bestalde, kanpaia ere hondatuta dago. Irailean datoz aditu batzuk ikustera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak