'Bortxazko tatuaiak II' eta 'Mozoloa', Aloña Mendiren argazki lehiaketako irabazleak

Mireia Bikuña 2008ko abe. 15a, 10:32

Aloña Mendi elkarteko mendi saileko V. mendi eta natura argazki lehiaketak baditu irabazleak. Zumaiako Jose Maria Llavoriren 'Mozoloa' delako argazkiak irabazi du Mendia eta Natura ataleko lehen saria, eta Iñaki Idigoras oñatiarraren 'Bortxazko tatuaiak II' izeneko argazkiak denuntzia ataleko lehen saria. Sari banaketa ekitaldia egubakoitzean egingo dute kultura etxeko erakusketa gelan, 19:00etan.

Abenduaren 3an bildu ziren epaimahaiko kide Jose Agustin Gurrutxaga, Benito Cantero eta Josu Garai argazkilariak, eta atal bakoitzeko hiru irabazleak aukeratu zituzten. Mendi eta natura atalean bigarren saria Bergarako Ricardo Gartziaren Mitxoleta izeneko argazkiak irabazi du, eta hirugarren saria Berangoko Javier Pedro Fernandezen Gatxe izeneko argazkiak. Bestalde, atal honetan herriko argazkilarien arteko argazki onenaren saria Iñaki Idigorasek eroan du 7.a deritzon argazkiarekin.

Denuntzia edo salaketa ataleko bigarren saria Andoni Campos oñatiarraren Zugspitze argazkiak eroan du, eta hirugarrena Legazpiko Jose Benegasen Bicicleta izeneko lanak. Ernesto Agirre oñatiarraren Zuhaitzaren hilketa delako argazkiak jasoko du atal honetako herriko argazki onenaren saria. Azkenik, alpinismoko argazki onena Bergarako Joseba Leturiak irabazi du Freeride izeneko argazkiarekin.

Aloña Mendi elkarteko mendi saileko kideak gustura daude lehiaketak izan duen erantzunarekin: "Guztira, 147 argazki jaso ditugu: 105 mendia eta natura atalerako, eta 42 denuntzia atalerako. Argazki batzuk maila onekoak dira, eta beste batzuk erdi mailakoak. Dena den, gustura gaude erantzunarekin, urtez urte kopurua mantentzea lortu dugu-eta".

Erakusketa egingo dute

Sari banaketa ekitaldia bukatu ondoren, lehiaketara aurkeztu diren argazki batzuekin osatutako erakusketa zabalduko dute, urtarrilaren 3ra arte. "Guztiak ez  ditugu jarriko, asko dira-eta. Saria jaso dutenak eta argazki onenak zintzilikatuko ditugu", esan digute mendi taldekoek. Erakusketa 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute egunero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak