Bisitek ez dute Arrikrutzeko koba hondatzen

Arrikrutzeko koban urtebeteko azterketa klimatikoa egin dute eta bisitari kopuruaren eta ordutegiaren gaineko datuekin kontrastatuz eta Aloña Mendi Espeleologia Taldeak egindako beste azterketa batekin alderatuz esan dute oraingoz bisitek ez dutela eragin kaltegarririk.

Bisitariek turismorako egokitutako kobazuloetan kutsadura termiko, kimiko eta biologikoa sor dezakete, airearen edo arrokaren tenperaturan eragin eta korrosioa sortuz kobazulo barruan espeleologoendako interesgarriak diren formazioetan. Kobazulo turistikoetan beharrezkoa litzateke bisitarien kopurua mugatzea kontserbaziorako. Horren garrantziaz jabetuta Oñatiko Arrikrutzeko kobetan mikroklima azterketa egin dute zabaldu zenetik iazko urtearen amaierara bitartean Alfonso Antxia elkarteko Vladimir Oterok, Jabier Lesek eta Rakel Malandak.

"Turismo mota hau bultzatu nahi dugu eta horretarako beharrezkoa da ikerketak egitea ikusteko ea koba hondatzeko arriskurik dagoen ala ondo dihardugun lanean.Natura baliabide bat bisitariendako zabaltzen denean kontuan izan behar dira horrelakok", esan digu Oñatiko Garapen Turismo Agentziako teknikari Ikerne Altubek.

Lau estazio klimatiko

Azterketarako datuak hartzeko lau estazio klimatiko ipini dituzte: kanpo aldean, kobazuloko sarreran, hartzen gelan eta pasabide amaieran. Aparatu horiekin neurtu dute airearen tenperatuta, hezetasuna, presio atmosferikoa eta CO2 kontzentrazioa. Horietaz gain, arrokaren eta sedimentuaren tenperatura ere neurtu dituzte hartzaren gelan eta uraren tenperatura azken estazioan . Datu horiek hilabetean behin jasotzeaz gain, kobazuloko gidariek emandako bisitari kopuruaren eta ordutegiaren gaineko datuak ere kontuan hartu dituzte.

Aste Santuan eta udan aldaketak

Egubakoitzean jakinarazi zituen  emaitzak Vladimir Oterok eta konparaketarako Aloña Mendi Espeleologia taldeak aurrez egindako azterketan oinarritu da.

Arrikrutzeko 53. galerian ipinitako estazio klimatikoekin aztertu da sektore horretako masa gaseosoa eta zein eragin izan duen gizakiaren (bisitarien) presentziak kobazuloan.

"Kobazulo gehienek kanpoko tenperaturaren antzerako hozberoa dute baina gizakiok sartzen garenean beroa jariotzen dugu. Arrikrutzeko batez besteko tenperatuta 10 gradu ingurukoa da eta gizakiona 36 gradukoa, ur lurruna eta CO2 ere isurtzen dugu eta horrek kobazuloan eragina dezake", azaldu zuen Oterok.

Kobazuloa turismoarendako zabalik egon den lehen urtean egin da azterketa eta ikusi da urtebetean ez duela eraginik izan kobazuloko masa gaseosoan. "Bisitari gehien egon den sasoian, Aste Santuan edo udako oporretan, esaterako, tenperatura aldaketa txikiak sumatu dira bisitarien presentziaren eraginez, baina kobazuloa berehala itzuli da bere ezaugarri naturaletara, hortaz, ez da kontuan hartzeko moduko aldaketa", esan zuen Vladimir Oterok bisitaren ostean.

Aurten ere azterketa

CO2a da aldagai esanguratsuenetako bat eta modu naturalean mantendu dela dio azterketak, baita bisitari kopurua handiagoa izan denean ere. "Datuei erreparatuta ikusi da gorengo baloreak udan neurtu direla eta hilabeterik hotzenetan beherakada nabarmena izan dela. CO2 iturria materia organikoaren deskonposizioa da batik bat, errekak kanpoan hazten direnean korronteen arrasteak eragindakoa. 2001ean Aloña Mendi Espeleologia taldeak egindako azterketari erreparatuz gero, ikus daiteke CO2 datuak apur bat igo direla Hartzen estazioan, baina bisitarien presentziak ez du eraginik izan. 2008an balore maximoa 1.765 ppmkoa izan da eta sifoiaren aldean 1642ppmkoa; gainontzeko estazioetan 1.250 ppmtik beherakoak izan dira balore gorenak".

Hortaz, lehen urteko azterketaren ostean, esan daiteke 35.000 bisitariek eragindako ingurumen-inpaktuak ez duela aldatu natura egoera kobazuloan aztertu diren guneetan. "Klimaren eragina aztertzeko urte bat ez da nahikoa eta guk bost urte eskatzen ditugu gutxienez", dio Oterok. Arrikrutzen, oraingoz, aurten ere azterketa egingo da.

Aholkuak

Azterketaren emaitzak aurkezteaz gain, egileek Arrikrutzerako aholkuak ere eman dituzte. "Lehen urteko emaitzak poztekoak diren arren neurri horretako gune batean bisitarien presentziak izan dezakeen eragina agertu dadin urte batzuk pasa daitezke. Gainera, kontuan hartuta urteak aurrera joan ahala balitekeela bisitari kopurua handitzea horrek eragina ere handituko luke beharbada, baina oso zaila da kobazuloak dituen ezaugarriekin aurreikuspenak egitea".

Bestalde, beste azterketa gune bat ere proposatu dute. Bisitariek ikusten duten beste geletako bat da Makarroien gela. Orain ez dago datuak hartzeko inolako gailurik han, baina azterketa egin duen taldeak aholkatu du beste estazio klimatiko bat ipintzea kobazuloko pasabidearen ekialdean dagoen gelan. Izan ere, aire poltsa itxi bat sortzen da gainontzeko gelekin lotura gutxi duelako. Aire korronterik ez dagoenez beste geletan baino tenperatura altuagoa suma daiteke. Hortaz, toki horretan bisitek eragin gehien izan dezakete ingurumen-inpaktuan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.