Bildumatik erretiratutako liburuak oparituko dituzte

Mireia Bikuña 2009ko api. 18a, 19:56
Eguenean, hilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Horren harira, ekitaldi berezia egingo dute liburutegian: alegia, bildumatik erretiratu dituzten liburuak oparituko dituzte eguenean. “Guztira, 30en bat liburu jarriko ditugu bazkideen eskura", esan digu liburutegiko arduradunak. Horixe baita liburuak jaso ahal izateko bete beharreko baldintza bakarra: bazkide izatea. Liburutegia zabalik egongo da 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.

Bazkideen artean liburuak oparitzearena urtero egiten duten ekimena da: "Egia esan, bazkideek harrera ona egiten diete halako ekimenei". Hasiera batean, liburuak eguenean oparituko dituzte, eta soberan geratzen direnak egubakoitzean. "Jeneralean azkar bukatzen dira. Noski, lehen orduan etortzen direnek gustukoen duten liburua hartzeko aukera izango dute. Eguenean oparitu barik geratzen diren liburuak egubakoitzean banatuko ditugu, baina jeneralean egun bakar batean banatzen ditugu guztiak”, diote arduradunek.

Beste ekitaldi batzuk

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko bestea hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan liburutegian.
Alde batetik, etzi eguaztena, Joxean Agirre idazlearekin solasaldia egingo dute kultura etxeko aretoan 19:30ean. Azpeitiako idazleak idatzi duen azken eleberria aurkeztuko du: La lutte finale. Agirrek lau pertsonaien hartu-emanak kontatzen ditu liburua berrian: bi gizon (narratzailea eta Garibaldi deitzen dutena); eta bi emakume, Nadia eta Natalie. Istorioa lehenengo pertsonan kontatua dago, narratzailea protagonistetako bat da-eta.
Beste alde batetik, hilaren 28an, helduendako ipuin kontaketa saioa egingo du Jose Mari Karrerek liburutegian, 19:30ean.  Hain zuzen ere, Euskal Herriko zein munduko kultura ezberdinetako ipuinak kontatuko ditu liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak