Bigarren zatiko lehen hamar minutuetan erabaki du derbia Mondrak: 0-3

Mireia Bikuña 2010ko mai. 16a, 22:49
Bigarren zatiko 10. minuturako agortu zaizkio ideiak Aloña Mendiri Azkoagaineko derbian. Mondrak bi gol egin ditu tarte horretan ('Keixi'-k eta Lopezek) eta Oñatiko derbia erabakita utzi dute. "Kolpe gogorra izan da guretako. Berdinketaren bila irten gara, baina defentsan huts batzuk egin ditugu, eta...", esan digu bukaeran Aloñako jokalari Unai Arregik.

aloñak bolada txarra
Bi taldeendako puntuak inportanteak ziren. Maila eusteko puntuak batuta, sailkapenean ahalik eta ondoen bukatu gura dute. Gainera, Aloñak azken bi hilabetetako bolada txarrarekin bukatu gura zuen –ez du partidurik irabazi martxoaren 14tik–.
Hori horrela, bi taldeak indartsu irten ziren zelaira. Biei kosta egin zitzaien partiduari neurria hartzea, eta gol aukera garbiak egitea.
Lehen jaurtiketa, arrisku barik, Mondrak egin zuen hamargarren minutuan. Aloña, aldiz, 20. minutura arte ez zen Mikel atezainaren inguruetara heldu.

Abantailari eutsi

Zelai erdia kontrol barik zegoenean, heldu da partiduko jokaldi eztabaidagarriena. Mondrako jokalari Xabi Pavon arean sartu eta lurrera erori da 35. minutuan. Epaileak marrazainaren aginduz penaltia adierazi du. Aloñako entrenatzaileak eta zaleek biziki protestatu dute, baina Jon Azpeitiak gola egin du.
Abantailarekin arrasatearrak berpiztu egin dira, eta bigarrena egiteko aukera izan dute kontraeraso baten, baina Arregiren eta Muruaren arteko bat-bikoa defentsak desbideratu du.

Atsedenaren ondoren, bi gol

Aldageletatik bueltan erabaki du derbia Mondrak. 47. minutuan Keixi-k egin du bigarrena area ertzetik jaurtiketa egin ondoren. Aloñako atzeko lerroak gaizki defendatu du arrasatearren korner erdiraketa. "Atsedenean entrenatzaileak esan digu lehen kornerrean entseatutako jokaldia egiteko, eta asmatu dugu" esan digu Muruak.
Bigarren golak min handia egin dio Aloñari, eta erreakzionatzeko aukera izan aurretik, hirugarrena egin dute arrasatearrek. Berriro huts egin du atzeko lerroan Aloñak, eta atezainaren aldaratze eskasa sarera bidali du Lopezek buruz. 54. minutua zen.

Bukaera arte, ezer ez

Handik aurrera ezer gutxi egin ahal izan du Aloñak. Pablo Diazek etengabe animatu ditu jokalariak, baina oñatiarrek ez dute asmatu.
Mondrak, ordea, beste golen bat egiteko aukerak izan ditu. Garbiena Garik izan du 81. minutuan. Aloñaren aukera garbiena, eta bakarra, 91. minutuan izan du Unai Arregik, baina atezainak urrundu du baloia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak