Bigarren laurdeneko partzialari esker irabazi zuen Aloña Mendik

Xabi Igartuaren taldeak 26 puntuko aldea zuen atsedenean, bigarren tartean 32 egin ondoren. Bukaeran 102-60 nagusitu ziren atzo Deustu-Loiolaren kontra.

Aloña Mendiko senior mailako taldeak bolada onarekin jarraitzen du –jokatutako zazpi partiduetatik bakarra galdu du–. Maila berrira ondo baino hobeto moldatu dela erakutsi zuen beste behin Deustu Loiolaren kontra.  Zapatuko norgehiagokan jaurtitzaile bikainak dituela –102 puntu egin zituzten–, eta ondo jokatzen duenean edonori irabazteko gai dela erakutsi zuten.

Atsedenerako, erabakita

Partiduko hasierako minutuetan bizkaitarrek jokatu zuten hobeto. 2-6 eta 9-10 egon ziren aurretik. Xabi Igartuak hutsartea eskatu zuen, eta jokalariei esan zien gauzak erraz egiteko, laguntzak emateko eta defentsa indartzeko. Aholkuak jarraituta segidan hartu zuen abantaila Aloñak 9-0ko partziala eginez, eta lehen tartea 18-14 bukatu zen etxekoendako. Dena den, norgehiagoka bigarren tartean erabaki zuten oñatiarrek. Lau minututan 11-4ko partziala egin zuten eta 11 puntuko aldea zabaldu zuten markagailuan. Defentsan indartsu jokatu zuten, Deustuko jokalarien erasoari traba asko jarrita. Jokaldi batzuetan 24 segundoko jabetza agortu egin zitzaien bizkaitarrei jaurtiketa garbia topatu barik. Gainera, bigarren tartean lau minutu egon ziren punturik lortu barik. Horregatik guztiagatik, oñatiarrek 19 puntuko aldea zuten atsedena baino hiru minutu lehenago. Minutu haietan Deustuk bi puntu egin zituen, eta Aloñak 11. Hortaz, atsedenerako lehia erabakita utzi zuen Aloñak, 50-24.

Jokaldi berriak

Markagailua ikusita, hirugarren laurdenean erlaxatu egin ziren etxekoak. Abantaila galdu barik, jokoan hainbat aldaketa egin zituen Igartuak. Errotazio ugari egin zituen jokaldi berriak probatzeko, bai defentsan eta baita erasoan ere. Dena den, bizkaitarrek ez zuten zulorik topatu erasoan, eta abantaila mantentzea lortu zuten etxekoek. 24 eta 29 puntu arteko errenta izan zuten hirugarren tartean.
Probak alde batera utzita, eta jokoari erritmo gehiago emateko asmoz, Aloñak betiko sistema berreskuratu zuen azken tartean, eta erasorako jokalari bikainak dituela erakutsita abantaila handitzen joan ziren etengabe. Bizkaitarrek ez zuten punturik egin hiru minututan, eta Aloñak 32 puntuko tartea zabaldu zuen (87-55). Oñatiarrek erasoan egiten zuten jokoa ikusirik, harmailetan zeuden zaleak 100 puntu egiteko gai izango ote ziren galdezka hasi ziren, eta baita lortu ere! Partidua bukatzeko 33 segundo falta zirenean egin zuten 100.a, eta oraindik aukera izan zuten bi puntuko jaurtiketa egiteko.
hurrengo partiduak
Aloña Mendik Gasteizen jokatuko du datorren zapatuan Diocesanas taldearen kontra.
Sailkapeneko talde indartsuenen kontra jokatu dute abenduaren 20an Ocaso Berrio-Otxoaren kontra; eta urtarrilaren 17an Azpeitiko taldearen kontra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.