Bidegorriaren zein zati egiten hasi aztertuko dute orain

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko urriaren 19a

Kontzientziazioak bidegorriak besteko garrantzia duela uste du Txirrinkak.

Txirrinka taldeak aztertu du Udalak egindako bidegorriaren behin-behineko proposamena eta trazatuarekin gustura dago. "Puntu batzuk oraindik ez daude erabat garbi. Adibidez, proposamenak jasotzen du Olara eta San Lorentzora joateko bidegorria errepidetik egitea. Errepide hori Aldundiarena da eta oraindik ez dakigu Aldundiak zer dioen honi buruz. Baina trazatuarekin gustura gaude, bai", dio Txirrinka taldeko Aitor Ugaldek.

Orain trazatuaren lehentasunak aztertuko dituzte Txirrinkak eta Udalak. "Gure iritziz San Lorentzo eta Otadui zuhaiztiaren arteko zatia da egin behar den lehena, herria aldenik alde gurutzatzen duena. Datorren astean dugu bilera Udaleko ordezkariekin bidegorriaren lehentasunak zehazteko", dio Ugaldek. 
 
Kontzientziazioa
Bidegorriari besteko garrantzia ematen dio Txirrinkak kontzientziazioari eta horretan oraindik lan handia dagoela egiteko uste du Aitor Ugaldek. "Batetik bizikleta erabiltzera ohitu behar gara bai, baina alde batetik bestera mugitzeko ohitura da aldatu behar dena. Autoaren nagusitasuna alde batera utzi eta bestelako garraioak erabiltzeko ohitura hartu behar dugu guztiok, garraio publikoa barne", dio. "Horretarako lan handia egin behar da kontzientziazio mailan", jarraitu du.
Txirrinka taldeak bizikleta martxa egiten jarraituko du hileko hirugarren egubakoitzetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak