Benet Garciak irabazi du 20. Oñati saria; Larrea, bigarrena izan da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko ira. 22a, 18:50
Lasterketa polita egin zuen Gurutz Larrea antzuolarrak zapatuan; hala, Oñatiko helmugan bigarrena izan zen. Gutxigatik bada ere Benet Garciak irabazi zion 20. Oñati saria ; txirrindulari almeriarra ihes eginda iritsi zen Olakuara.

Ihesaldia, udanan

Goizeko 10etan, euripean, ekin zioten txirrindulariek probari; hasierako puntuan, 19 eta 20 urteko  62 txirrindulari elkartu ziren. Oñatiko Olakua auzotik irten eta Udana igo zuten; han, lehenengo ihesaldia gertatu zen. Txirrindulari taldetxo batek aurre hartu zuen eta tropela atzean uztea lortu zuten. Legazpitik Deskargara  eta handik Bergarara jaitsi ziren, berriro ere, Oñatirako bidea hartzeko.
Zapatuko proban, hiru bider egin behar izan zuten txirrindulariek aipatutako itzulia. Guztira, 114 kilometro egin zituzten; tartean, Udana eta Deskarga igo beharra izan zuten txirrindulariek. Irabazlearen bataz besteko abiadura 39'26 kilometro ordukoa izan zen.
Ihes egindako taldetxoak kilometro batzuk egin zituen ihes eginda. Baina, azkenean, tropel nagusiak harrapatu egin zuen taldea.

Askok utzi zuten lasterketa

Denboraldiko azkeneko lasterketa zela kontuan hartuta, txirrindulariak ez ziren maila onenean heldu Oñatira. Hala, izena 62k eman zuten arren, helmugara 31 besterik ez ziren iritsi. Joseba Iciar oñatiarrak zera adierazi zuen: " Denboraldi amaiera dela kontuan hartuta, nekatuta iristen gara Oñatiko probara. Gainera, gaur egin duen eguraldia kontuan hartuta, askok utzi egin dute proba".
Azken itzulian erabaki zen lasterketa. Aurrealdean 12 txirrindulariz osatutako taldea zetorren. Bergaratik Oñatira batera etorri ziren baina Oñatin, Madalena gasolindegiaren ondoan, Würth taldeko Benet Garciak ihes egin zuen. Olakuako helmugara bakarrik iritsi zen almeriarra. Atzetik, bederatzi segundora, taldea sartu zen.
"Nire taldekideen laguntza erabakigarria izan da garaipena lortzeko; atzetik zetorren taldean Bidelan eta Caja Rural taldeko txirrindulariak zetozen, baina nire taldekideek lan ona egin dute eta ez diete utzi taldetik tira egiten", adierazi zuen Benet Garciak helmugan.
Bestalde, ibilbidea gogorra iruditu zitzaion Garciari: "Bai, lasterketa gogorra izan da. Deskarga hiru bider igo behar izan dugu; hala ere, alde samurretik igo dugu eta uste baino gutxiago sufritu dut". Gainera, ibilbide gogorraz gain, eguraldi txarra ere egin zuen zapatuan: "Ni ez nago hotzera eta eurira ohituta, eta hasieran gogorra izan da. Baina, gero, uste baino hobeto aritu naiz eta amaierara ondo iritsi naiz", gaineratu zuen irabazleak.

Sari-banaketa

Oñatiko podiumean lasterketako hiru lehenengoek izan zuten garaikurra. Hala, Garcia, Larrea eta Gutierrez igo ziren podiumera. Joseba Iciarrek (Azpiru-Ugarte), Oñatiko lehenengoaren saria jaso zuen eta Jon Pardok (Seguros Bilbao) mendiko saria lortu zuen. Zazpi puntu lortu zuen Pardok Oñatiko lasterketan; bigarren sailkatua Alberto Morras taldekidea izan zen, hiru punturekin.
Azkenik, taldekako saria banatu zuten : Würth taldeak irabazi zuen (8:42:53). Amaieran, talde argazkia egin zuten saritu guztiek Olakuako podiumean.

Lehendakari txapelketa Castroviejorentzat

Azken urteetan bezala, aurten ere Oñatiko proban erabaki da Lehendakari txapelketako irabazlea. Seguros Bilbao taldeko Gorka Izagirre eta Jonathan Castroviejoren artean zegoen lehia; azkenean, Castroviejok irabazi zuen maillota.
Oñatiko proban parte hartu bazuen ere, ez zuen lasterketa amaitzerik izan Castroviejok. Hala ere, denboraldi osoko lanaren ordaina jaso zuen Olakuako podiumean. Ondoko argazkian, Pedro Irurzun, Catroviejo, Pardo, Garcia, Gutierrez, Iciar, Larrea eta Würth taldeko zuzendaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak