Beñat Alberdi eta Endika Ruiz bertso txapelketako finalerako sailkatu dira

Maider Arregi 2008ko mar. 16a, 17:42
Oñatiko V. Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen zapatuan, martxoaren 15ean, Pako tabernan. Beñat Alberdi eta Endika Ruizek eskuratu zuten puntuazio altuena eta beraz, finalerako txartela eskuratu zuten. Finala, martxoaren 29an, egingo da Arrano tabernan.

Zapatuan, 18:00etarako prest zegoen guztia Pako tabernan, gai-jartzailea, bertsolariak, epaileak eta publikoa. Dena prest eta denak hirugarren kanporaketak emango zuen emaitzaren jakin-minez. Iñaki Igartua, Beñat Alberdi, Arantzazu Sagarzazu, Endika Ruiz eta Egoitz Atxaga ziren saioko protagonistak eta boskote honetatik 2 lagun bakarrik pasako ziren finalera.

Agurretan argi utzi zuen bakoitzak bere asmoa. Doinu bereziak erabiliz ederki eman zioten hasiera bakoitzak bere saioari. Zortziko nagusiko ariketetan, Endika Ruizek ederki borobildu zuen bere lana eta orokorrean ondo joan zen ariketa hau. Zortziko txikian, Beñat Alberdiren lana gailendu zela argi utzi zuten entzuleen txaloek jendea biluzik imajinatzeko paperean kantatu zutenean.
Puntuari erantzutea eta lau oinekin bertsoa osatzea izan zuten hurrengo lana. Ariketa honek eman zizkieten lanik handienak bertsolariei. Arantzazu Sagarzazuk bere lanik politena ariketa honetan osatu zuen.

Kartzelakoa

Kartzelako ariketan bertso bakarra bota behar izan zioten denek gai berdinari. Ondo erantzun zuten orokorrean bertsolariek ariketa honetan. Aipatzekoa Iñaki Igartuak egindako ahalegina habaneran kantatu zuenean.
Agurren aurretik txapelketako antolakuntzak eskerrak eman zizkieten bertaratutako guztiei eta bereziki Pako tabernako langileei kanporaketetan zehar izandako jarrera duin eta lagunkoiagaitik.
Azken agurretan, bertsolariak lasaiturik zeudela, bertso ederrak entzun ziren Pako tabernan, Egoitz Atxagak Gu ta Gutarrak taldeak beraien diskan argitaratutako doinu bat plazaratu zuen jendearen eskerrona lortuz.
Honenbestez,  epaia irakurtzerako orduan, saioan puntuazio altuenak izan zituzten 2 bertsolariak    Beñat Alberdi eta Endika Ruiz zirela argi geratu zen.

Finala

Beraz, martxoaren 29an Arrano elkartean jokatuko den finalerako osatuta geratu da seikotea.
Ander Lizarralde, Ioseba Lasagabaster, Ioseba Igartua, Xabier Paskual, Beñat Alberdi  eta Endika Ruiz   izango dira txapelari eskua luzatu nahian, baina horretarako, bertsotan egin beharko dute onenaren pare.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak