Beheko aparkalekuan utzi beharko dituzte autoak mendizaleek Arantzazun

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko urt. 15a, 10:55
Arantzazuko aparkalekua berrantolatzeko proiektua onartu du Gipuzkoako Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Helburua da mendizaleek autoak kapera ondoko aparkalekuetan uztea, eliza pareko aparkaleku nagusia libre uzteko mezatara doazenendako.

Piboteak eta txartelak

Hainbat obra egin eta elementuak jarriko dituzte Arantzazun hori egiteko: automatikoki ezkutatzen diren piboteak, informazio panelak eta kontrol kamerak, adibidez. Auzokoendako eta Arantzazun negozioak dituztenendako, sarrera-kontrola jarriko dute, txartelen bidez edo urrutiko aginteak erabiliz. Neurri horiekin, goizean doazen mendizaleek aparkaleku nagusia ez betetzea lortu gura dute. "Mezatara datozenek elizatik urruti utzi behar izaten dituzte autoak, eta pertsona edadetuek edo gutxituek zailtasunak izaten dituzte elizara heltzeko. Hori gehiago ez gertatzea nahi dugu. Dena dela, piboteen neurri hori domeka eta jai egunetan aplikatuko da bakarrik. 10:30ean jaitsiko dituzte piboteak aparkaleku nagusira sartzeko. Bide batez, Arantzazu erditik ibiltzen den auto kopurua ere mugatu gura dugu horrela", dio Pello Zabala frantziskotarrak.

Proiektuak 215.000 euroko aurrekontua du. Laster adjudikatuko dituzte obrak eta bi hilabeteko epea izango dute lanak egiteko. Zabalak esan digun moduan, udarako gura dituzte ikusi lanak bukatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak