Baserritar jantziei mozorroek hartuko diete errelebua astelehenean

Arritxu Barruso 2009ko urriaren 4a

Aste bukaera luzea eta oparoa izan dute oñatiarrek; zapatuan Herri Eguna eta domekan, berriz, Errosaixo Eguna. Asteburu borobila izan da. Herritarrek gainera, ez dute hutsik egin eta jaietarako antolatutako ekintza guztiek erantzun bikaina izan dute.

Herri Egunean goizean goiz hasi zuten festa; 11:00ak ingururako oñatiarrak fin-fin, baserritar jantzita, Unibertsitate ingurura gerturatzen hasi ziren. Egia esan bazegoen zer ikusi: ganadu erakusketa, barazki eta fruitu azoka, artisauen postuak, taloak… Unibertsitate ingurua jendez lepo zegoen 12:00etarako.

Herri Egunekoa azoka bakarrik ez, lehiaketa ere bada. Guztira sei lehiaketa egiten dituzte. Gazta lehiaketan 16 parte-hartzaile egon ziren eta lehenengo saria Azkarreta baserriko Ramon Ugartek irabazi zuen. Ardien lehiaketa, berriz, Aldaiko Nestor Alzelaik irabazi zuen eta bildotsena Jaumendiko Aritz San Migelek; ahariena ere berak irabazi zuen. Barazki lehiaketan Arendui baserriak lortu zuen lehenengo postua eta fruituenean, berriz, Iruatz baserriak.

Orduak aurrera joan ahala, eta azokan ikusi beharrekoa ikusi eta erosi beharrekoa erosi ondoren, sagardoa dastatzeko momentua iritsi zen eta herriko plaza betetzen hasi zen; Gipuzkoako 24 sagardogile bildu ziren Foru plazan. Aurten gainera izan da aldaketarik sagardo dastaketan. Orain arte bi euroren truke erositako edalontziarekin nahi beste sagardo edateko aukera zegoen. Aurten berriz, kontsumo arduratsu baten aldeko apustua egin nahi izan dute; hori horrela, aurten bi euroren truke edalontzia eta hamar txartel banatzen zituzten, hamar sagardo dastatu ahal izateko. Ez zen kexa handirik izan eta oñatiarrek ondo hartu zuten aldaketa.

Herri Eguneko beste hitzordu garrantzitsua herri bazkaria izan zen. Aurten ere Zubikoa kiroldegia topetaraino bete zen. 

Zapatuan oñatiarrek parranda goizean goiz hasi zuten arren, gauean festa gogoarekin jarraitzen zuten. Dantzarako gaua izan zen zapatukoa eta horixe egin zuten oñatiarrek; txosna gunean Miren, Agur eta Gorka taldearen erromeriarekin eta Impekablesen mexikar doinu ganberroekin, eta herriko plazan Amaiur taldearen erromeriarekin.

Errosaixo eguna

Zapatukoa egun gogorra izan zen arren, atzo oñatiarrak ez ziren etxean geratu. Errosaixo Eguna zen eta festa giroan jarraitu beharra zegoen. Musikari dagokionean, Oñatiko Musika Bandak girotu zituen atzo eguerdian jaiak eta iluntzean berriz, Varadero taldearen emanaldiak. Unibertsitate inguruan, bestetik, ganadu eta barazkiei auto klasikoek hartu zieten lekua; auto klasikoen erakusketak ere jende dezente batu zuen.
Asteburu luzea izan da baina, festa ez da amaitu, ez da gutxiago ere; astelehenean mozorroa jantzi eta parrandara irtengo dira berriro ere oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak