"Baloia gehiago eduki behar dugu, hori da-eta defendatzeko modurik onena"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko urtarrilaren 10a

Denboraldi zaila ari da izaten Aloñako futbol taldearendako. Goiko postuetan egotera ohituta, jaitsiera postuetatik gertu egotera pasa dira oñatiarrak. Zuzendaritzak azken urteetan entrenatzaile izan den Josu Zubia kargutik kentzeko erabakia hartu zuen eta bere ordez Pablo Diez (Gasteiz, 1963) ekarri du. Diezekin egon gara, taldearen inguruan dituen lehen inpresioez berbetan.

Aloñara iritsi berria zara. Nola aurkitu duzu taldea?
Aurreko jardunaldian Mondraren aurkako partidua ikusten egon nintzen Mojategin eta nahiz eta 2 eta 0 galdu, taldea nahiko ondo ikusi nuen zelai gainean.
Hala ere, gogo-aldarteari dagokionez, ukituta daude. Aurrez jakinarazi zidaten moduan, psikologikoki nahiko ahul ikusi dut aldagela. Kontuan izan behar da iaz bosgarren postuan amaitu zuen talde bera dela eta orain jaitsiera postuetatik gertu gaudela. Hori kolpe gogorra da jokalariendako. Hor dago nire lehenengo lana, autoestimu aldetik jokalariak pixkanaka gorantz eramatea. 

Nolako harrera egin dizuete? Taldean integratzeko denborarik izan duzu honezkero?
Bi entrenamendu bakarrik egin ditugu, egubakoitzeko saioa  bertan behera utzi behar izan genuelako elurtea dela-eta. Elurteak aste bukaerako partidua bertan behera uztera behartu du federazioa eta Hernaniren aurkako partidua ezin izan dugu jokatu.
Taldeari dagokionez, oso batuta dagoen taldea da. Oso harrera ona egin didate, oso mutil jatorrak dira. Ez dut uste taldeko giroak arazorik ekarriko digunik, eta hori garrantzitsua da.

Eta kalitate aldetik, nolako taldea du Aloñak?
Taldeak maila honetarako kalitate nahikoa duela esango nuke. Gainera, badaude jokalari batzuk Hirugarren Mailan ere ondo ibiliko zirela, zenbait jokalarik harritu egin naute. Gainera, talde zabala da eta jokalari kopuru aldetik ez da arazorik izango. Lesio eta bestelako ezustekoen aurrean ondo erantzuteko modukoa taldea dela uste dut.

Agian goizegi da esateko, baina zein ezaugarri ditu Aloñaren jokoak?
Orain arte jokatzen ikusi diodana oinarri moduan hartuta, oso joko zuzena du Aloñak. Zuzenegia, nire gusturako. Hori aldatzen saiatuko naiz, taldearen kalitatea baliatuz joko landuago bat egiten, hain zuzen. Hau da, baloiaren jabetza gehiago izatea da nire helburua, baloiaren jabetza izatea uste baitut dela defendatzeko modurik onena.

Aloña gertutik ikusteko aukera izan zenuen Mondraren aurkako derbian. Nola ikusi zenuen taldea?
Oraindik entrenatzailea izan ez arren, gogoa nuen taldea ezagutzeko. Halako mailetan derbiak oso partidu bereziak dira, eta oso gertu bizi diren bi herrien artean lehia da nagusi. Partidua oso orekatua izan zen eta taldea nahiko ondo ikusi nuen.

Zure aurrekoak, Josu Zubiak, Azkoagain gotorleku izan behar zela zioen. Hala uste duzu?
Argi dago, etxean indartsu ibili behar gara, are gehiago sailkapenean gaizki egonda. Sailkapenean lasai egoteko ezinbestekoak dira etxeko puntuak.
Azkoagain futbol zelai txikia da, gol aukera asko eskaintzen dituena. Zuzendu beharreko lehena defentsako lana da, gol gehien jaso dituen taldeen artean gaude-eta. Finean, lortu behar duguna da kanpoko taldeak Oñatira datozenean zelai zaila aurkitu dutela pentsaraztea.

Ezagutzen duzu Ohorezko Erregional maila?
Bai, ezagutzen dut. Iaz Gasteizko Club Deportivo zuzentzen ibili nintzen Arabako Erregional mailan. Azken jardunaldira arte  ibili ginen mailaz igotzeko borrokan, baina Agurainek lortu zuen igotzea, berdinketa bat lortuta.
Denboraldia aurrera zoan heinean, Gipuzkoako eta Bizkaiako taldeak jarraitu nituen, banekien-eta igoera fasean talde gipuzkoar edo bizkaitarren batekin lehiatzeko aukerak genituela. Hernaniren aurka jokatu genuen.

Ezagutzen duzu maila, beraz. Zein talde ibiliko da goialdean? Eta zein jaitsieratik gertu?
Aurrera Ondarroa da guztien gainetik dabilena, eurak dira igotzeko lehen hautagaiak. Hirugarren postutik behera, baina, berdintasuna da nagusi. Behealdean, berriz, Beti Gazte atzean geratu da. Bestela, lauzpabost puntutan hainbat talde gaude. Oraindik goiz da esateko, baina berdintasuna nagusituko dela deritzot. Jaitsierako hiru postutatik irteteko lehia handia egongo dela esango nuke.

Esperientzia handikoa eta baloia maite duena

Alavesen ibilbide oparoa egindakoa da Pablo Diez. Bi fasetan izan zuen talde gasteiztarraren ardura, kadeteetan eta Hirugarren Mailan. Gainera, Haroko (Errioxa) entrenatzaile ere izan zen eta Gasteizko San Inazio taldea ere zuzendu zuen. Bi taldeak Hirugarren Mailan izan zituen bere arduretara.
Entrenatzaile gasteiztarrak Aloñako zuzendaritzaren konfiantza eskertu gura izan du. Denboraldia ondo amaitzea da bere lehen helburua, eta ez du jaitsieraren mamua azken jardunaldietan uxatu nahi. Helburu hori lortzeko "serio" egingo du lan. Bere taldea baloiaren jabe izatea maite du, dioenez, hori baita defendatzeko modurik onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak