Bakearen aldeko ibilaldia Arantzazura

Goiatz Arana Begiristain 2008ko martxoaren 15a

Gipuzkoako Elizbarrutiko milaka sinestedun joan dira erromes Arantzazura; 7.000 inguru, antolatzaileen esanetan. 'Iraun nigan. Ez izan beldurrik' izan da aurtengo erromesaldiaren goiburua. Indarkeria alboratzeko eta zilegizko egitasmo guztientzat egokia izango den konponbidea aurkitzeko aldarria egin du Joan Mari Uriarte Donostiako gotzainak.

09:30ean Soraluze Hotelaren ondotik abiatu da Donostiako Elizbarrutiak antolatutako bakearen aldeko ibilaldia, 7.000 mila pertsona inguru 'Iraun nigan. Ez izan beldurrik' zihoen pankartaren atzetik zirela. Donostiako gotzain Joan Mari Uriarte, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkarate eta Angolako (Afrika) misiotik etorritakoak joan dira buruan, beste batzuen artean.

Zortzi kilometro luze den ibilbidean barna, Jainkoaren Hitza, ebanjelioetako pasarteen irakurketa, otoitzezko erantzunak eta Anjel Mari Peñagarikanoren bertsoak entzun dira, ez besterik. Horiek baino ez dute izan isiltasuna apurtzeko lizentzia; jendea bere pentsamenduetan murgilduta joan da.

Pare bat ordu pasatxotan osatu dute ibilbidea. Denbora tarte horretan, eguzkia eta haize goxoa izan dituzte, baina zerua estali egin da ondoren. Zaparrada hasterako, Donostiako gotzainak hartu du hitza, azken mezua zabaltzeko.

Azken mezuaren pasarte batzuk

"Beldurra sortzen duten gauza asko daude indarrean gure artean; oraingoan Mariaren magalpera ekarri gaituzten gai nagusi biek, fedearen geroak eta bakearen gauzatzeak, hainbat beldur eragiten dituzte gure artean".

"Izango ote du gure kristau elkarteak behar duen bizitasuna eta gaztetasuna, bere fedea sakon, bizi eta ausarki aurkezteko, altxor baliotsua dela jakinik? Aurkituko ote dugu indarkeriak ukiturik dagoen herri batean zilegizko egitasmo guztientzako egokia den konponbide bat? Ikasiko ote dugu guztiok konponbide hau lortzeko guretik zerbaitetan amore ematen? Ulertu eta onartuko ote dugu guztiona dugun ondarea bakoitzak daukaguna baino handiagoa eta zabalagoa dela? Iritsiko ote gara odola isurtzen duen indarkeria gordin eta gorrotagarria behin betirako alboratzera?".
"Arantzazuko Amaren aurrean, datorren urtean ere bilduko gara. Behar bada, gauza berberak eskatzeko. Agian, lorturiko zerbait eskertzeko. Eta berari diogun eraspen eta maitasuna agertzeko".

"Kristau maiteok: iraun Jesusen fedean eta bakean!".

Arazo barik

Gurutze Gorriak dozena bat lagun artatu ditu, mareoak jasandako pertsonak ia denak. Larrialdi kasurik ez da izan, ordea.

Erabiltzaile gehienek, bestalde, autobus zerbitzuaren aldeko apustua egin dute eta ez da izan zirkulazio arazorik; 87 autobus gertu zeuden erromesak Oñatira jaisteko, ekitaldia bukatu denerako; eta beste bost gora eta behera ibili dira, behar adina buelta egiten.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak