Aurora Beltran eta Malenkonia: pop-rockaren berezko xamurtasuna

Iker Barandiaran 2009ko ira. 7a, 00:22

Kontzertu dotorea antolatu zuten Oñatin. Malenkonia pop-rock taldearen itzulera ofiziala izan zen; eta aldi berean rockaren eta pop-rockaren ikono den Aurora Beltran musikari nafarraren emanaldi akustikoa.

Ikusmina zegoen Malenkoniaren itzulerarako. Oñatiko seikotea sorpresa handia izan zen Danbakako bigarren edizioan eta erakutsi zuen Debagoienean pop-rock garaikidea ere egiten dela. Zoritxarrez, ezagunak egiten hastean taldea lozorroan gelditu zen. Orain, indarberrituta itzuli dira, disko eta guzti. Eguerdian Oñatin tabernaz taberna diskoa aurkezteko emanaldi akustikoak egin zituzten; eta gauza bera egin zuten agertokian. Gerora, baina, estaldura elektrikoa jarri zizkieten kantuei. Hegazkadak dakar ekaitza lan berrikoak eta kantu zaharragoak uztartu zituzten.

Ibilbidearen gainbegiratua

Aurora Beltranek izen handia dauka Euskal Herriko musikagintzan. 80ko hamarkadan Belladona nesken taldea osatu eta gerora arrakasta erdietsi zuen Tahures Zurdos pop-rock taldearekin. Aspaldian, baina, bakarkako ibilbideari ekin dio eta Clases de Danza diskoa bere kabuz kaleratu du. Oñatira formatu akustikoarekin joan zen: Beltran ahotsean eta gitarrarekin, eta Eva Rada gitarrarekin eta koroekin laguntzen. Emanaldi hori bere ibilbidearen gainbegiratua egiteko baliatu zuen.

Agertokira igo bezain laster, emanaldia Guria tabernako Esperi –uda honetan hil dena- dedikatu zion. Detaile polita eta Beltranek ikusleekiko izan zuen gertutasun eta xamurtasunaren adibide. Tahures Zurdos-en sasoiko kantu asko interpretatu zituen oilo-ipurdia jartzen duen bere ahotsarekin: Afiladas palabras, Lujuria, Fulana eta beste. Horiek azken diskoko pieza batzuekin tartekatu zituen.

Bukaeran, ikusleak agertoki muturrera gerturatu eta Beltran hunkitu egin zuten. Hala, emanaldiari bukaera eman zion ikusleek gozatu zuten Tocare Tahures-en klasikoarekin, Janis Joplinen Piece of heart eta Patti Smithen Because the night kantu hunkigarriekin.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak