Aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen laguna Arantzazun

Usoa Agirre 2007ko irailaren 18a

Azken ordua: Ertzaintzak jakinarazi duenez, onik aurkitu dute atzotik galduta zegoen Barakaldoko bizilaguna. Atzo, astelehena, joan zen Barakaldoko 33 urteko bizilaguna perretxiko bila Arantzazura. Ordutik ez zuten haren berririk familiartekoek. Hala, gaur goizeko 8:00etan Ertzaintzako eta Gurutze Gorriko kideak desagertuaren bila hasi dira.

Goizaldean jaso du Ertzaintzak Barakaldoko bizilagunaren desagerpenaren berri. Atzo arratsaldean abiatu zen 33 urteko barakaldarra Arantzazu ingurura perretxiko bila, familiartekoen arabera. Gauean, familiakoak perretxikozalea itzuli ez zela konturatu zirenean eta berarekin kontaktatzeko modurik ez zutela ikusirik, desagerpenaren berri eman zuten Ertzaintzan.

Hala, abisua jaso eta berehala abiatu ziren ertzainak familiak esandako lekura. Han bertan topatu zuten desagertutakoaren autoa, perretxikozale askok erabiltzen duten mendi pista batean, Arantzazu eta Urbia artean.

Gauean bilaketarako egoera onik ez zegoela ikusita, gaur goizean goiz ekin diote desagertuaren bilaketari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak