Ate irekiak egingo dituzte kiroldegian hilaren 7tik 10era arte

Mireia Bikuña 2009ko irailaren 4a

Helburua da ikasturte berrirako kirol eskaintza erakustea. Besteak beste, fitbike, mantentze gimnasia, pilates, hirugarren adineko gimnasia, body balance, aerobik, body combat, body puma eta total fitness zerbitzuak ezagut daitezke. Hain zuzen ere, total fitness da ikasturteko berrikuntza nagusia.

Ate irekien ondoren, kirol ikastaroak hilaren 14an hasiko dituzte, igeriketa ikastaroak izan ezik. Horiek San Migel eta Errosario jaiak bukatu ondoren hasiko dituzte, baina irailean izenemate epea zabalduko dute. Matrikulazioa zatikatuta egingo dute: 6 hilabetetik 3 urte artekoek hilaren 21ean (09:30etik 13:00etara) eta 22an (16:30etik 20:00etara) emango dute izena kiroldegiko bulegoan; eta, hiru urtetik aurrerakoak, gazteak eta helduak hilaren 23an (09:30etik 13:00etara) eta 24an (16:30etik 20:00etara) toki berean.

Egun horietan izena ematen ez dutenek azken aukera izango dute hilaren 25ean, 09:30etik 13:00etara arte.

Pilates hastapena, doan

Uztailaren 1ean bete zuen Zubikoa Kiroldegiak 25. urteurrena. Horren harira askotariko ekitaldiak antolatu gura dituzte kirol arduradunek. Horien artean pilateseko hastapen ikastaroa doan emango dute irailean. Hilaren 8an, 10ean, 16an eta 23an emango dute ikastaroa 09:15ean eta 20:15ean.

Neguko ordutegia

Bestalde, irailaren 1etik neguko ordutegia dute indarrean kiroldegian. Astelehenetik egubakoitzera 07:30etik 21:30era arte zabaltzen dute; zapatuetan 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:30era arte; eta domekatan eta jaiegunetan 09:00etatik 13:30era arte.

Irailean eta urrian hainbat egunetan egongo da itxita kiroldegia San Migel eta Errosario jaiak direla eta; hain zuzen ere, hilaren 29an eta 30ean eta urriaren 3an, 4an eta 5ean itxita egongo da. Urriaren 6an goizez itxiko dute eta etzi, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean, arratsaldez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak