Astelehenetik San Martineko bidea itxita, bederatzi hilabetez

Mireia Bikuña 2009ko mar. 5a, 13:46
San Martin zubitik Murgia auzora doan errepidea itxi egingo dute astelehenean, bederatzi hilabetez. Urbanizazio lanak egingo dituzte, eta bidea moztea ezinbestekoa dela ikusi dute San Martin guneko sustatzaileek. Hortaz, urbanizazio lanetan diharduten kamioiak ibili ahalko dira bakarrik bide horretatik. Aldiz, Murgia auzora doazen autoek Berezaoko bidea erabili beharko dute.

Bidearen mozketa San Martin egoitzaren sarrera baino gorago egingo dute; hortaz, oinez edo autoz joan ahalko dute zaharraren egoitzara. Era berean, San Martin zuhaiztira joateko bidea zabalik egongo da.
Bestalde, herritarrek Roke Azkune kaletik dauden eskailera erabil dezakete.

Bideak, 12 metroko zabalera

Hainbat lan egingo dituzte Murgia auzora doan bidean. Alde batetik, lurpeko azpiegituretako zerbitzuen instalazioak egingo dituzte, bidearen profila zati handi batean aldatu egingo da-eta. Beste alde batetik, bideak dituen malda ezberdinak parekatu egingo dituzte.
Zubiaren eskuinetara zeuden etxeak bota egin dituzte, eta hondeatzailea lurra mugitzen hasi da. San Martin zubitik zaharren egoitzaraino eskuin aldetik zabalduko dute bidea. Handik gora ezkerretik zabalduko dute; alegia, etxe berriak egiten diharduten tokitik. Guztira, 12 metroko zabalera izango du bideak zatirik estuenetan. Hain zuzen ere, aparkalekurik egokituko ez duten tokietan. Autoendako errepidea sei metrokoa izango da. San Martin aldetik 1,50 metroko espaloia egingo dute, eta beste aldean, bi metroko espaloia eta 2,50 metroko bidegorria.
Udalak kaleratutako oharrean herritarren eta bereziki Murgiako auzotarren elkarlana eskertzen dute. "Eragozpenak egungo egoera hobetzeko izango dira", diote udal arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak