50. urteurrena urrian
Miguel Angel Artzuagaren omenezko erakusketa antolatzeko deia hainbat herritarrek egin zieten senitartekoei. "Aspaldi zebiltzan Patxi Hipolito, Jerardo Elortza eta Xabier Ugarte aitaren gaineko zerbait egiteko asmoarekin. Euren helburua zen aitaren lana ezagutaraztea, margolari ona izan arren, oñatiar askok ez zutelako haren lana ezagutzen. Hipolitok katalogo bat egin gura zuen. Urriaren 5ean beteko dira 50 urte aita hil zela, eta une egokia zela pentsatu genuen", esan digute margolariaren alabek.
Etxean eta senitartekoen etxeetan zeuden margolanak batzen hasi ziren. Ondoren, beste herritar batzuek zituzten lanak jaso zituzten. Guztira, 163 margolan. "Harrituta geratu gara, ez genuelako horrenbeste espero. Denetarik jaso dugu: herriko txokoen gaineko margolanak, Parisen eta Erroman egindakoak... Gainera ikusi dugu margolanetako batzuk oso preziatuak direla jabeendako", esan digute etxekoek.
'Ildakoen meza'
Omenaldian ez dute Jose Mari Artzuaga ahaztu gura. Hura ere 35 urterekin hil zen, itota. Konpositore eta zuzendari bikaina izan zen. Haren omenez kontzertua egingo dute urriaren 16an. "Aita hil eta 6 urtera osaba hil zen. Irrintzi otxotearen zuzendari zela sari asko lortu zituen. Hori horrela, kontzertua antolatu dugu urriaren 16rako. Aita Madinak osaba Jose Mariren omenez idatzitako Ildakoen meza abestuko du Oñati Abesbatzak Agustindarren elizan", diote etxekoek.